Zupiria sailburu hernaniarraren aurkako pintaketak, Karabelekon

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 27a, 00:00

Karabelekoren negutegian agertu ziren pintadak.

Ertzaintzaren ardura berria aipatzen duten mezuak «onartezinak» direla esan du EH Bilduko Xabier Lertxundi alkateak.

 

EAJk herenegun salatu zuenez, Bingen Zupiria Segurtasun sailburu berriaren aurkako pintaketak agertu ziren Hernanin, Karabelekoren negutegietan. Bingen Zupiria hernaniarra da eta hartu berri du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu kargua, azken zortzi urteetan Kulturako sailburu izan eta gero.

Pintadek, Ertzaintzaren ardura berria aipatzen duten mezuak zituzten. Horietako batek honako hau zioen: "Zipaios en lucha. Tiro en la nuka. Bingen erne ibili".

Beste pintada batek erlijio judua identifikatzen zuen Daviden izarrarekin eta esbastika nazi batekin eta EAJ/PNV alderdiaren siglekin parekatzen zuen.

EAJk Imanol Lasa buruzagi gipuzkoarraren mezu bat zabaldu zuen X sare sozialean (lehen Twitter). Bertan pintaketen argazkiak ikusten ziren. EAJk «irmoki» gaitzetsi zuen «eraso» hori eta «Euskadik jada atzean utzi duen garai batera» eramaten zuela adierazi zuen. Irainek eta mehatxuek ez dutela «tokirik gizarte demokratiko batean» adierazi zuen EAJk bere mezuan eta alderdiei eskatu diete «ekintza hau irmotasun berarekin gaitzestea».

 

Eguerdiko 13:00etarako borratu zituen pintadak Udalak

Hernaniko Udalak ere berehala gaitzetsi zuen erasoa. Xabier Lertxundi alkateak (EH Bildu) X sare sozialean jakinarazi zuenez. Horrez gainera, udal ordezkariei adierazpen instituzionala egiteko proposamena egingo diela ere adierazi zuen, kaltetuei bere babesa eskaintzeaz batera. «Pintada hauek azaldu dira gaur Hernanin. Beti egiten dugun moduan, agindua emana dago ezabatzeko. Mezu honekin babesa adierazi nahi diet bertan kaltetuak direnei. Horrelakoek ez daukate lekurik. Udal ordezkariei adierazpen instituzional bat egiteko proposamena luzatuko diet. Horrez gain Bingen Zupiria sailburuari zuzenean elkartasuna adierazi diot».

Bestalde, Hernaniko PSEk esan zuen «beste behin ere» Hernaniko San Joan jaietan mehatxuzko pintadak agertzen zirela. Hala, ekintza horiek «erabat» gaitzetsi zituen eta biktimei elkartasuna adierazi zien, «are gehiago, biktima bere herriko jaiez lasai gozatu ezin duen hernaniarra denean», Bingen Zupiria sailburuari erreferentzia eginez.

Pintadak inork ez zituen ez sinatu, ezta erreibindikatu ere egin. Egileak nortzuk diren ez dakite, zurrumurruak zurrumurru.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!