San Joanetako bandera jaitsieraren aurretik Orbegozo fabrikak hartuko ditu kaleak

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 27a, 00:00

Trialsin ikuskizunak irudi ikusgarriak utzi zituen.

Eguerdian herri kirolak izango dira Tilosetan, arratsaldean irtengo da San Joan Konpartsa eta su festa eta su danborren ikuskizunek itxiko dute festa, bandera jaitsieraren aurretik.

San Joanetako azken eguna iritsi da eta egun berezia izango da hernaniar askorentzat. Garai zaharrak etorriko zaizkie gogora San Joan Konpartsak arratsaldean, 18:30etan, aterako duen karrozarekin. Orbegozo fabrika irudikatuko da bai antzezlanean eta bai konpartsan, eta seguru barruak ukituko dizkietela langile ohi askori. 

Goizean, azeri dantza irtengo da, baita Beti Egarriak txaranga ere. Urumea ikastolak antolatzen duen marrazki lehiaketako sariak Biterin banatuko dira. Garai bateko Baserritarren eguneko tradizioa mantenduz, herri kirolen ikuskizun erakargarria antolatu du Elur Txorik, gaur egungo Iker Vicente aizkolari eta Mikel Lopetegi 'Urra' harrijasotzaile onenen partaidetzarekin. Malen Barrenetxea izango da ordezkari hernaniarra erakustaldian.

Ordu berean, Urbieta kalean, Finito-Infinito zirku ikusizuna izango da eta gau aldean protagonismoa suak izango du. Gaztelekuak, Su Festa antolatuko du Tilosetan, DJ Kris Cle-ren emanaldiarekin eta Deabru Beltzak taldeak, Su Danborrak ikusgarria eskainiko du plazatik abiatuta. Ikusizunaren amaieran, Urumea txarangako ordezkariek banderak jaitsiko dituzte, azken gauaren aurretik. Ondoren, zezen suzkoak eta Incansables txarangarekin festen programazioa amaituko da.

Atzokoan trial ikuskizun ederra eskaini zuten Latsunben haurrentzako eta gazteentzako. Bitartean, Tilosetan bertso sorta ederra entzun zen Aitor Mendiluze, Onintza Enbeita, Oihana Iguaran eta Ekain Tolarertxipiren ahoetatik. Jendetza izan zen goizean sokamuturran, baita axeri dantzan, eta nola ez, gauean Plaza bete zen leporaino Zetak taldearekin.

SAN JOANETAN GAUR

07:00 Diana, dultzaineroekin.

09:00 Axeri Dantza.

11:00 Haur kategoriako 45. marrazki eta pintura lehiaketaren sari banaketa Biteri Kultur etxean. Urumea ikastola.

11:00 Beti Egarriak txarangaren irteera.

12:30 Herri kirolak Tilosetan. Urrezko Liga Iker Vicente eta Arkaitz Etxebeste. Malen Barrenetxea eta Uxue Ansorregi. Harrijasotzen Mikel Lopetegi -Urra- eta Ainitze Zumeta.

12:30 Finito-Infinito ikuskizuna Urbieta kalean. Trotamundos taldearekin.

18:30 San Joan konpartsaren irteera Plazatik.

20:30 Su Festa! DJ Kris Cle-ren emanaldia. Tilosetan.

23:00 Su danborrak ikusizuna. Plazatik. 

24:00 Urumea txarangako ordezkariek bandera jaitsiera. Ondoren zezen suzkoa eta kalejira Incansablesekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!