Bertsoak, erromeria, batukada eta kontzertuak, jaien azken aurreko egunean

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 26a, 00:00

Bizkarrak bero-bero zituztela itzuli ziren zenbait gautxori etxera.

Goizeko 07:00etan hasiko dira dultzaineroak herria esnatzen eta egunean zehar musikarekin lotutako ekintza ugari izango dira; hala nola, txaranga, batukada, bertsolariak eta kontzertuak. 

 

Goizetik gauera bitartean, ez zuten atsedenerako tartea izan atzo hernaniarrek, koadrilen egunean. Eguraldia lagun zela, sekulako giroa sortu zen herriko kaleetan, musikak eta koadrilen bluxen koloreak protagonismoa hartuta.

Musikak ez zuen etenik izan atzo, egun osoan zehar.
 

Atzokoak atzean utzi, eta gaur goizean goiz hasiko dute eguna hernaniar askok, dianarekin eta aurtengo jaietako azken sokamuturrarekin. Ohi moduan, goizeko 09:00etan axeri dantzako kideak hasiko dira maxkuriak astintzen, eta kale buelta egin ostean, Iraunkorrak txarangak hartuko du lekukoa, goizeko 11:00etan. Ordubete beranduago erraldoien eta buruhaundien txanda izango da.

Sekulako giroa sortu zen atzo, pelota jaialdi profesionalean.
 

Eguerdian, atsedena hartzeko tartea izango dute herritarrek, izan ere, arratsaldean hitzordu garrantzitsua baitute bertsozaleek, Tilosetan: Aitor Mendiluzek, Oihana Iguaranek, Onintza Enbeitak eta Ekain Tolaretxipik bertso ederrak eskainiko dituzte. Ordu berean, trial erakustaldia izango da Latsunben, eta 18:00etan, erromeriak dantzan jarriko du herria, Oinkada taldearen eskutik. Txosnetan batukada feministak danborrak astinduko ditu 19:00etan, eta gaueko 23:30etan, Zetak taldearen kontzertuak girotuko du herriko plaza. Goizeko ordu txikietan, berriro hartuko du lekukoa Iraunkorrak txarangak kaleetan barrena dantzan ibiltzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!