Noaingo gudua gogoratzeko ekitaldia larunbatean, Hernani Errotzenek

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 25a, 00:00

Noaingo guduaren oroitarria, Nafarroako Getze herrian.

Nafarroako Getze herrira joango dira, eta 1521eko batailaren oroitarrira martxa egingo dute.

Nafarroako Getze herrian jarri du hitzordua, datorren larunbaterako, Hernani Errotzenek. Noaingo gudua gogoratzeko ekitaldia antolatu dute bertan, Noaingo Bataila Elkartearekin batera; eta herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbitea.

Goizeko 11:00etan elkartuko dira Getzeko plazan, Galar Zendeako herrian. Bertatik, Noaingo batailaren oroitarrira martxa egingo dute 11:30etan, eta oroitarrian izango da ekitaldia eguerdiko 12:00etan.
 

Noaingo bataila, Nafarroako Erresuma desagerrarazteko «kolpe haundiena»

Bataila haren nondik norako­ak ekarri ditu gogora Hernani Errotzenek: «Jauntxoak eta eli­za, komuneroen aurkako gerran bete-betean sartuta zirela, 1521ean Nafarroako Enrike II.ak bere koinatuaren laguntza lortu zuen, Frantziako Frantzisko I.a erregearena, Gaztelak bederatzi urte lehenago inbaditu, konkistatu eta okupatutako Nafarroako Erresuma berreskuratzeko. Lehendik ere, Enrike II.aren gurasoak, Joan Albret eta Foixeko Katalina, makina bat aldiz saiatu ziren gaztelarrak Nafarroatik bidaltzen. Baina 1521ekoak bazirudien 'oraingoan bai' esateko modukoa». Nafarroako eta Biarnoko ejertzitoei frantziarren laguntza «epela» gehituta, Iruñeko ateetaraino iritsi ziren garaile. «Hiria gaztelarrentzat defendatzen zuen Ignazio Loiolakoa zauritu, eta Iruñeko Erresumaren azken gotorlekura iritsi ziren, Logroñori setioa jarrita».

Baina Villalarreko porrotaren ondoren, komuneroak ahulduta zeudela, Gaztelako nobleek, elizak eta enperadore berriaren tropak landalurreko nekazariak jarri zituzten lehen lerroan, eta nafar-frantsesak atzerarazi zituzten. Karlos V.a belgikarra zen Inperio Sakratuaren Enperadorea, eta berak eta bere tropa alemaniarrak gidatu zituzten Nafarroa desagerrarazteko azkenaurreko batailak: Noaingoa 1521ean, Amaiurrekoa 1522an, eta Hondarribiakoa 1524an. Nafarroa Beherean jarraitu zuen bizirik Iruñeko Erresumak.

Noaingoa izan zen «kolpe haundiena», Hernani Errotzenen arabera: «Ezkiroz, Erreniaga eta Noaingo zelaien artean jokatu zen gudua. Gaztelako kondestableak zuzendutako kontraerasoa 30.000 soldaduk osatzen zuten, eta nafar-bearnesak apenas ziren 8.000. Gutxirako balio izan zuten defentsarako kanoi astunek eta eliteko frantses jendarmeek; are gutxiago hauek diziplina hautsi eta lerrotik ihes egin zutenean». Nafar-gaskoi tropetako 5.000 lagun hil ziren, eta salbatu ziren nafar apurrek mendialderako bidea hartu zuten. «Iruñea inbaditzaileen eskuetan erori zen berriro, eta Enrike II.ak eta bere leialek Pirinioen bestaldeko haranetan antolatu zuten erresistentzia».

Handik urtebetera, 1522an, Amaiurreko gaztelua hartu zuten «ehun nafar leialek baino gehiagok, Jaime Belaz Medrano kapitainaren agindupean. Baina gaztelarrek gaztelua setiatu zuten, eta 16 kanoirekin bonbardatu hainbat egunez. Espainiarrak ez izateko borrokatzen zuten haiek ezin izan zuten ezer egin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!