Maxkuri kolpeen hots bereziak hartuko du gaur doinu alaien tokia

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 25a, 00:00

Danbor hotsek girotu zuten Hernaniko Kaxkoa atzo goizean, Santa Barbarako eta Etxeberriko haurren eskutik.

Aurreneko bizkarreko sorta banatuko du Axeri Dantzak, eta bigarrenez aterako da kalera erraldoi eta buruhaundien konpartsa. Koadrilen brindisa izango da eguerdian Plazan.

Egun lasaiagoa izan zen atzokoa San Joanetan, belarriak zorroztu eta mota guztietako musikaz gozatzekoa: Musika Bandaren eta txistularien emanaldiak, danbor hotsak, Lua Matheusen doinu brasildarrak... Gauean hasi zen zalaparta, Puro Relajok denak dantzan jarri ondoren; eta segida izango du gaurkoan, goizean goizetik. Maxkuri kolpeen hots bereziak hartuko dio erreleboa, atzoko doinu sortari. 

Herritar ugari jarri zituzten aktore lanetan, 'Welcome' antzezlanean.

Izan ere, gaur 'oparituko' dizkie Axeri Dantzak aurreneko bizkarreko eta ipurdikoak herritarrei. Berezia izango da gaurko hitzordua haientzat: Axeri Dantza hasi aurretik, Jon Iraola Eceiza ekarriko dute gogora, urte luzez sokan aritutakoa eta Axeri Dantzan laguntzen ibili zena. Bertan izango dira haren senideak, eta dantza eta lore sorta eskainiko dizkie axeriak.

Axeri Dantzaren ondoren, buruhaundien eskutik jarraituko dute bizkarrekoek, bigarrenez aterako baita kalera erraldoi eta buruhaundien konpartsa; oraingoan, eguraldi ederrarekin eta kale buelta osoa egiteko gogoz.

Eta eguerdiko 13:00etan, koadrilaka elkartuko dira herritarrak Plazan, brindisa egiteko. Aurtengoan, Betikoak koadrila izango da omendua.

Arratsaldean eta gauean, berriz, musika eta esku pelota izango dira protagonista.

Gorka Granado sopelarrak eta Maren Galvez lezotarrak irabazi zuten Solteko Dantza Txapelketa.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!