Amher elkarteak antolatutako kontzertua Tilosetan izango da gaur

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 24a, 00:00

18:00tatik 19:30etara Luã Matheus eta Rodrigoren kontzertua izango da, eta ondoren, 21:30ak arte DJ Soumeyak hartuko du erreleboa.

San Joan jaietan urtero bezala plan paregabea antolatu du aurten ere Amher elkarteak. Aurten herritarrak musika anitzaz gozarazi eta dantzan jarriko ditu. Lekuz aldatu dute, eta Tilosetako Joxepa Zubeldia kioskoa izango da gaur artisten eszenatokia, 18:00etatik 21:30etara.

Luã Matheus eta Rodrigoren eskutik kontzertua izango da 18:00etan, eta ondoren, 19:30etan, DJ Soumeyaren saioa hasiko da. Luã euskaldun-brasildarra da, eta Reggae, Afro Urban, Latin, Soul, R&B estiloak eta Brasilgo influentziak uztartzen ditu. Bere abestietan erdi-brasildarra den pertsona baten errealitatea kontatzen du, sustraiek eta jatorriek identitate bat eraikitzeko orduan duten garrantzia, eta udarako eta festa girorako deia ere egiten du bere erritmoekin.

Soumeya Bartzelonan bizi den DJ algeriarra da. Asiako hego-mendebaldeko eta Afrikako iparraldeko melodiak hainbat musika generorekin konbinatzen ditu; hala nola, Afrobeats, R&B, diskoa edo musika elektronikoa bere forma guztietan. Set bakoitzean, Soumeyak kultura-aniztasuna ospatzen du, belaunaldi desberdinak dantza-pistara erakarri nahian, musika-erreferentzia tradizionalen zein garaikideen konbinazioarekin.

Beti bezala, gazteentzako zein helduentzako festa antolatu du Amherrek, helburu argiarekin: arrazakeriarik gabeko eta aniztasunaren aldeko jaiak izan daitezela San Joanak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!