«Pena izan da konpartsarako Orbegozoko langile ohi gehiago ez animatu izana, baina ongi pasako dugu»

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 24a, 00:00

Ekainaren 27an, 18:30etan hasiko den konpartsa «polita izango da», dio Pepi Arrospidek. Pello Villalbak maketa bat egin du, eta bertan ikusiko da Orbegozon nola egiten zen lan. Parodia ikusgarria espero da, kearekin eta soinuarekin.

San Joan Konpartsako Pepi Arrospide eta Jon Oñate arduradunen hitzetan, Konpartsarentzat ez da zaila izan antolatzea. «Orain dela bi urte hasi ginen ideia lantzen. Agustin Ezpondak komentatu zigun aurtengorako hobe zela egitea. Guretzako zaila izan da gizonek, Orbegozoko langileek, parte hartzea. Gauza ezberdin batzuk egitea geneukan buruan, baina ez da posible izango. Hala ere, oso ongi pasako dugu, denok».

San Joan Konpartsatik eskerrak eman nahi dizkiete lanean aritu direnei. «Bileretara etorri direnei eta atzetik ibili direnei eskerrak eman behar dizkiegu. Dena egina eman digute: liburua, argazkiak, dokumentazioa... Alde horretatik erraztasun asko izan ditugu. Lana beraiena izan da».

Agustin Ezponda Hernaniko alkate ohia, Orbegozoko langile ere izan zen, eta lan asko egin du antolaketan. «Ez geneukan dokumentaziorik, harrigarria badirudi ere. LAB sindikatuak asko zeukan, baina Rafa Diez atxilotu zuteneko poliziaren miaketan dena desagertu zen. CCOOeko Tomasenak bazuen, baina mudantza batean dokumentazioa bota egin zuen. Beraz, langile ohien memoriari esker lortu dugu informazioa, eta jaso eta osatu dugu Orbegozoren historia. Zortea izan dugu oraindik langile asko dagoelako bizirik eta memoria onarekin. Testigantzak jaso ditugu. Dokumentazio dezente jaso dugu eta Teresa Todak egin du laburpen lan hori. Oso lan ona. Gure asmoa da dokumentazio guzti hori udaletxean uztea». 

Gaur egun Selak enpresa dago, garai batean Orbegozo zegoen lur eremuan. «Bertan ere aurkitu dugu dokumentazioa. Oso ongi portatu dira. Gordeta zeuzkaten bi album argazkiekin. Album horietan ikusten da prozesu guztia. Kamioia txatarrarekin etortzen zen unetik amaierara prozesu guztia. Harribitxi bat da. Eskerrak eman behar dizkiegu».

 

«Maketa batean labe bat zer zen irudikatuko da»

Konpartsarako behar den materiala prest dute. «Laminadoreek behar zituzten zortzi kiloko tenazak eta tenazillak ere bai». Pello Villabarekin jarri ziren kontaktuan Konpartsarako, eta berak segituan egin du «maketa bat, Konpartsakoekin batera. Gidoi bat ere egin dugu. Labe bat zer zen irudikatuko da bertan. Soinua, zarata, kea, argia era bai lortzerik izanez gero, eta simulazio bat egin daiteke labe bat irudikatuz».

Makina bat ere alokatu dute San Joan Konpartsakoek, kea irudikatzeko. «Kea aterako dugu», dio Arrospidek. «Probatu genuen eta ongi doa. Plastiko gorri bat erabiliko dugu ke hori gorria izan dadin».

Eskatu dieten guztiek eman dute berea, eta pilatu dute dokumentazio ona eta parodiarako elementu dezente. Langile batzuk aterako dira, eta «nahiz eta asko ez izan, polita aterako da». Kolore ezberdinetako buzoak ere eramango dituzte. «Batzuk gorriak, besteak urdinak, marroiak...».

Patxi Loreak eta Zanahorio jendea xaxatzen ariko dira. «Patxi Loreaki kontatzen diozu historia eta berak dena irudikatzen du berehala. Segituan sartzen dira biak paperean». Karretilla batekin, txatar-txirbilarekin, gil­­tzekin... ibiliko dira gora eta be­hera. «Ondokoak berehala ani­matzen dituzte». San Joan Konpartsa hasi zenetik dabiltza antzerkian parte hartzen. 

Historia haundia du Orbegozok, eta familia hernaniar asko ikusiko dira bertan irudikatuta. «Horrelako parodiak izaten dira barre egiteko. Konpartsa bat da eta parodia egiteko laminazioak joku asko ematen du».

Erreibindikazio uneak ere agertuko dira, «pankarta eta guzti». Herriaren elkartasuna ikusiko da. «Esaterako, Zinkoenean bazegoen harakin bat haragia ematen ziena langileei, garai zailetan». 

San Joanetako azken egunean, ekainaren 27an aterako da San Joan Konpartsa, Gudarien Plazatik, arratsaldeko 18:30etan. Andre Kaletik jaitsi, eta Kale Nagusitik igoko da, Orbegozo irudikatuz eta geldialdiak eginez. Amaitzeko, Plazan bilduko dira berriro, eta antzeztuko dute Pedro Orbegozo enpresaren egunerokoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!