Txupinazo euritsu-jendetsuari, giro alai bezain argiak segida

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 24a, 00:00

Giro alaiean osatu zuten kalejira herritarrek, erraldoi eta buruhaundiekin batera.

Festarako gogoz dira hernaniarrak, horretaz ez dago zalantzarik: atzoko egun euritsuan milaka lagun bertaratu ziren Plazara, eta gaurtik giroa argituko dela ikusita, gozamenerako osagai guztiak izango dituzte San Joanek. Egun seinalatua da gaurkoa, eta mota guztietako musikak girotuko du goizetik gauera.

 

Giro grixaren erdian, eztanda koloretsua bizi izan zuen Hernaniko Plazak, atzo eguerdian. Igandearekin hasi ziren San Joan jaiak atzo, eta begibistakoa zen hori Kaxkoan. Euria etengabe egin arren, jendetza batu zen udaletxeko balkoiari begira, momentu bereziaren zain: «Gora San Joan jaiak!» oihukatuz, hunkituta bota zituzten aurtengo festetako etxeferoak Urumea txarangako kideek.

Hortik aurrera, geldiezina izan zen zalaparta alaia. Mota guztietako musika instrumentuen doinuek lagundu zituzten erraldoi eta buruhaundiak, aurtengo estreinako kalejiran; eta Urumea txarangakoak bezain hunkituta agertu ziren Herburuko kideak, erraldoiak agurtzeko unean. Izan ere, lehenengoz egin zuten despedida 'Segi bihar dantzan' abesti propioaren airera, udaletxeko arkupeetan.

Urumea txarangako kideek hunkituta piztu zituzten San Joanetako aurreneko suziriak, eta banderak jaso.

 

Luze jo zuten atzoko poteoak eta bazkariek, baina arratsaldean segi zuen festak, San Joan bezperako hitzordu seinalatuekin: Akelarre txikia jostari atera zen aurrena, eta San Joan erronda beti bezain umoretsu osatu zuten Ohitura Zaharrak abesbatzako kideek. Urbieta kalean, berriz, ez zuten hutsik egin Kantuzek eta Ozenkik, urteroko emanaldiarekin.

Iluntzean, berriz, Kaxkoa izan zen San Joan bezperako ohituraren erdigune: Akelarrea antzeztu zuten Plazan, Musika Bandak San Joan erronda egin bitartean. Suak hartu zuen protagonismoa ondoren, Plazaren erdigunean, eta aurreskuak, San Joan Kantaitak eta suaren gaineko saltoek piztu zuten urteko egunik luzeenaren garra.

 

San Joan eguna, beti bezain berezi

Atzoko gauak emandakoarekin goxo lo egiteko aukera eman, eta dianak datozen egunetan baino beranduago esnatuko ditu herritarrak gaurkoan, Musika Bandaren eta Hernaniko Txistularien eskutik. 09:00etan esnatuko da San Joan eguna, beti bezain berezia izango dena. Astelehena ez da horren astelehena izango, aste honetan behintzat.

Goizeko 11:00etan egingo dute meza nagusia, San Joan Bataiatzailea parrokian; eta segidan aterako dira kalera Santa Barbara eta Etxeberri elkarteetako danborradak. Hortik aurrera, doinu alaiak izango dira protagonista: kontzertu bana eskainiko dute Hernaniko Txistulariek eta Musika Bandak udaletxeko arkupeetan, Lua Matheusek eta DJ Soumeyak Tilosetan, Puro Relajok Atsegindegin, eta Eirek eta Bengok Plazan.  

Haurrek ere izango dute zerekin gozatu gaurkoan, haiei zuzendutako antzerki saioa eskainiko baitu Ganso & Cía konpainiak, arratsaldeko 17:00etan, Urbieta kalean: 'Welcome'.

Eta dantzarik ez da faltako San Joan egunez, bi hitzordu berezi izango baititu egunak beretzat. Aurrena, arratsaldean, Solteko Dantza Txapelketa egingo dute Plazan. Eta ondoren, gauerdian, dultzaineroek jarriko dituzte denak dantzan: kalejira eta erromeria egingo dute, eta 'Larrain dantza'rekin bukatuko dute saioa, Plaza Berrin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!