Sagardoaren Txapelketako finaletik kanporatuak, Zubiri eta Barrenetxea

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 23a, 00:00

Urriza-Martirenak (Aburuza) eta Ezkurra II-Azpirozek (Alorrenea) neurtuko dituzte indarrak, Galarretan, bihar 19:00etatik aurrera.

 

2024ko Sagardoaren Txapelketak bere finalistak ezagutzen ditu. Urrizak eta Martirenak (Aburuza) Ezkurra II-Azpiroz (Alorrenea) bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak bihar, San Joan egunean, Galarretan, 19:00etatik aurrera. Ansa II-Zubiri (Bereziartua) eta Jabalera-Barrenetxea IV (Oialume Zar) bikoteen aurka, hurrenez hurren, lortu zuten garaipena 1-2 eta 2-0ko emaitzekin. Beraz, bailarako bi ordezkariek, Zubirik eta Barrenetxeak, ez dute biharko finala jokatuko.

Ezkurra II.ak eta Azpirozek ez zuten hainbesteko arazorik izan Jabalera eta Barrenetxea IV.a gainditzeko. Set jarraietan irabazi zuten 15-12 eta 15-8ko bi partzialekin. Barrenetxeak sakearekin ez zuen asmatu eta Ezkurra II.ak partidu bikaina jokatu zuen.

Bigarren finalerdia guztiz desberdina izan zen. Urrizak eta Martirenak 1-2 irabazi zuten 13-15, 15-7 eta 5-8ko partzialekin. Bitxia bada ere, galtzaileek, Ansa eta Zubirik, tanto gehiago egin zituzten, 33-30, baina ez zuten finalerako balio izan.

Finalerdiak jokatu ondoren, bi bikote finalistek biharko finalerako materiala aukeratu zuten. Urrizak eta Martirenak gutxi ibiltzen diren lau pelota bereizi zituzten. Ezkurrak eta Azpirozek pelota biziak aukeratu zituzten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!