«Lagunarteko giroan sortu genuen txaranga, eta hori mantentzen dugu»

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 23a, 00:00

Urumea Txarangako kideak emanaldi baten aurretik.

Urumea Txarangako kideak arduratuko dira aurtengo San Joanei hasiera emateaz. 25 urte bete berri ditu txarangak, eta gaur gauean Kaxkoko kaleak girotzen arituko dira. Ander Loyartek, Lara Mitxelenak eta Igor Del Riok gustura errepasatu dute ikastolako lagun talde batek sortutako txarangaren ibilbidea.

Txupinazoa botatzeaz arduratuko zarete gaur eguerdian. Urduri?

ANDER LOYARTE: Azken asteetan oso lanpetuta ibili gara eta ez dugu gaurkoan pentsatzeko tarterik izan. Duela egun batzuk hasi ginen eguna irudikatzen eta antolatzen, eta ea zer moduz ateratzen den. 

LARA MITXELENA: Urduri ez, pozik eta gogotsu gaude. Nik gogo haundia daukat 12:00ak iristeko eta txupinazoa beste ikuspuntu batetik bizitzeko. Ziur berezia izango dela. 

Egun luzea izango da zuentzat; eguerdian txupinazoa eta gauean txarangaren irteera. 

L.M.: Luzea izango da, bai! Gainera kontuan izan herriko musikariak garela, eta beste zenbait jardueratan ere parte hartzen dugula...

Aurretik ere, preludioarekin adibidez, lanez gainezka ibiliko zineten...

A.L.: Emanaldi eta jarduera asko daude ekainean, eta horri gehitu behar zaizkio entsegu guztiak. Bandakoak asteartean elkartzen dira, txarangako entseguak asteazkenetan eta musika taldeekin ostegunetan egiten dugu saioa. Tartean preludioa bezalako ekitaldi bat sartzeak ere lan haundia eskatzen du, baina dagoeneko badakigu hilabete hau potentea dela musikariontzat, eta ikasi dugu patxadaz hartzen. 

IGOR DEL RIO: Hori da. Entseguen ondoren afaltzen geratu ohi gara eta saiatzen gara lana lasaitasunez egiten. 

Gustura zabiltzatenaren seinale da hori.

A.L.: Egia da urte pila bat daramatzagula gauza bera egiten, urtero zailtasun antzekoei aurre egiten, baina bai, iristen denean gogotsu hartzen dugu. 

Urumea Txarangak 25 urte betetzen dituela ospatzeko botako duzue txupinazoa, baina lehenago sortu zen proiektua, ezta?

I.D.R.: Urumean sortutako proiektua da. Bertan hasi ginen ikastolako jaialdirako, Euskal jaietarako, Gabonetarako edota Inude eta Artzainen konpartsarako emanaldiak prestatzen, eta musika tresna bat jotzen genuen ikasleekin fanfarre moduko bat osatu genuen. Hasieran mota guztietako musikariak ginen, akordeoilariak, trikitilariak, txistulariak... baina iritsi zen momentu bat hiru saxofoilari eta pare bat tronpetista elkartu ginena, eta txarangaren nukleoa osatu genuen. Joxe Ramon Berrondoren eskutik hasi ginen, eta pixkanaka joan gara bidea egiten. 

A.L.: Hasi ginen San Joanetako txupinazoaren aurretik dagoen tartean jotzen, orain Iraunkorrak izena duen txarangarekin batera. Momentu horretan pasa ginen ikastolak antolatutako ekintzetan bakarrik parte hartzetik herriko jardueretan parte hartzera. Joxe Ramon bera ere musikaria da, eta bere ideia izan zen taldea sortzea. Horregatik da berezia 1999a, urte horretan hasi ginelako ardura gehixeago hartzen. 

Oso gazte hasi zineten txarangarekin, ezta?

A.L.: Instrumentua ikasten zortzi urterekin hasi ginen, eta 12-14 urte ingururekin hasiko txarangan. 

L.M.: Bosgarren edo seigarren mailan geundenean sortu genuen lehen aipatutako fanfarrea. Gaur egun institutuan elkartzen dira ikasle guztiak, baina lehen ikastola bakoitzak zuen bere DBHa, eta horrek aukera eman zigun jarraipena emateko. 

Gaur gaueko 01:00etan aterako da Urumea Txaranga Kaxkoko kaleak girotzera.

 

Garai hartatik zer oroitzapen daukazue?

L.M.: Oso gazteak ginela! (barreak).

A.L.: Oso oroitzapen politak dira. Gogoratzen naiz ikastolako ekitaldiren bat iristear zenean arratsaldeko bi orduak musika gelan pasatzen genituela. Lagun talde bat izan gara beti, adin antzekoa daukagu, eta garai hartan denak klasean zeuden bitartean gu emanaldia prestatzen aritzen ginen. Urumeak asko erraztu zigun bidea eta aukera asko eman zizkiguten. Joxe Ramonek ere askotan eramaten gintuen beste herriren batera, musika emanaldi bat eskaintzeko. 

L.M.: Gaur egun Musika Eskolek egiten dute lan hori, baina lehen ikastoletan egiten zen. Irakasle batek hartzen zuen jarduera berezi horiek antolatzeko ardura. 

I.D.R.: Joxe Ramonek musika klaseak ematen zituen gainera, eta oso gustura aritzen ginen berarekin.

1999an mugarri bat jarri zenuten. Gerora, nolakoa izan da txarangaren ibilbidea? Beste mugarririk baduzue? 

A.L.: Nik bereziki gogoratzen dut 2001 urtea. Joxe Ramonek orduan utzi zuen antolaketaren ardura, eta gu ikastolatik atera berriak ginen. Urte horretan Urumeatik deitu gintuzten egoera zein zen azaltzeko, eta jarduera horiek antolatzeko proposamena egin ziguten. 16 urte genituen, eta asko pentsatu gabe eman genuen baiezkoa. Orain, argazkiak errepasatzen hasita, pentsatzen dugu ea nola ginen kapazak kalera horrela ateratzeko... Meritu haundia zuen jendeak gure atzetik etortzeko!

Bidean ikasten joango zinetela suposatzen dut.

A.L.: Bai, hori da. Adinean aurrera joan ahala taldekide batzuek musikarekin lotutako ikasketak egin dituzte, eta jende gehiago ezagutzeko aukera izan dugu. Azken urteetan musikari profesionalak etortzen dira gurekin jotzera, eta egungo mailak ez dauka 2001ekoarekin zerikusirik. Adibidez, gurekin beti aritu dira Orioko bi musikari, Joseba eta Iñigo, eta beraiek gabe ezin da Urumea Txaranga ulertu. Hala ere, nabarmentzekoa da oraindik lagun arteko giroan jarraitzen dugula, hori da aldatu ez dena. 

Esan izan duzue herriko gazteentzat beti dagoela tokia Urumea Txarangan. 

A.L.: Bai, hala da, bereziki Inauterietan. Hiru egunetan jotzen dugu Inauterietan, eta denbora hartzen dugu Musika Eskolako irakasleekin hitz egiteko. Galdetzen diegu ea badagoen ikasleren bat gurekin ateratzeko gogoz, eta aldiro animatzen da baten bat. Orain gurekin dabil 15 urteko gazte bat, eta beste zenbait ere oso gazte hasi ziren gurekin. Gogoa duten gazte guztiak ongi etorriak dira, are gehiago metalezko tresna bat jotzen badakite. 

L.M.: Lehenengo irteera Inauterietan egiteak badu beste zentzu bat, errepertorioa errazagoa izaten delako. Gaztetxoentzat hastea izaten da zailena, baina gogoa duten horiek aurrera egiten dute beti. 

I.D.R.: Gu ere adin horretan hasi ginen, badakigu zer den hortik pasatzea, eta laguntzen saiatzen gara.  



Urumea Ikastolako lagun talde batek sortu zuen txaranga, eta herriko musikari gazteak ugari elkartu dira gerora.

Errepertorioa aipatu duzue. Hasi zinetenetik hona asko aldatu dira jendearen gustuak?

A.L.: Bilakaera nabarmena egon da. Hasieran txarangek estilo jakin batzuk bakarrik zituzten; mambo, rock, cumbia, fandangoa eta arin arina… Azken urteetan, ordea, bertsio pila bat jotzen ari gara. Udako kanten moldaketak egin ohi ditugu. 

L.M.: Hala ere, gehien funtzionatzen duten abestiak betikoak dira. Bertsioak ondo datoz, baina abesti horiek tabernan entzun ditzakezu. Betiko txarangako errepertorioa kalean bakarrik entzuten da. 

Denbora honetan kantutegia sortzeko tartea izan duzue. Dena den, hasieran lan zailenetakoa izango da, ezta?

A.L.: Hasierako urteetan ateratzen ginen San Joanetan Pastelero eta Isabelita jotzen, horixe zen egoera (barreak). Gogoratzen naiz Lizartza anaiek pasa zizkigutela bere garaian Txalapartarekin jotzen zuten errepertorioa. Genituen ia eskuz idatzitako partitura batzuk, eta hasi ginen kantu horiek eta Inauterietakoak tartekatzen. Pixkanaka joan gara jendea ezagutzen, partitura gehiago lortzen, eta gaur egun gure taldeko profesionalek egiten dituzte moldaketak. 

L.M.: Egia da duela 15 urte bagenuela errepertorio berezi bat sortzeko interesa, baina denborarekin gutxitu egin da nahi hori. Gure helburua ez da txaranga berezi bat izatea, nahi dugulako jotzen dugu, ez besterik. 

A.L.: Larak esaten duena garrantzitsua da. Urte guzti hauetan oso argi eduki dugu zeintzuk diren gure nahiak eta asmoak. Daukagunarekin moldatu gara beti eta horrek ahalbidetu du proiektua aurrera joatea. 

I.D.R.: Hasiera batean astebururo elkartzen ginen, eta iritsi zen momentu bat dei asko jasotzen hasi ginena. Geure buruari galdetu genion, ‘joango gara?’, eta erabaki genuen ezetz, ez genuela hori nahi. Inguruko auzo eta herrietan jo nahi genuen, baina ez dugu inoiz izan herriz herri ibiltzeko interesik. 

L.M.: Finean, ez genuen txaranga profesional bat izan nahi. Guk nahi genuenean jo nahi genuen, eta bertakoak garenez, bertako festetan disfrutatu nahi dugu jotzen. 

A.L.: Hori da, herriko beharrei erantzun bat ematea zen gure helburua. Bertan badaude musikari onak eta hori aprobetxatzea garrantzitsua da. 

Festa giroan ondo aritzeko zenbat lan egin behar da aurretik?

A.L.: Prestaketa nahiko konplexua izaten da. Alde batetik, entseguak antolatu behar dira, 12 lagun elkartzeko eguna topatu behar da, eta lan nekeza izaten da hori. Horrez gain, nik gehien sufritu izan dudana da musikari batek bezperan abisatzea ezingo duela etorri. Beste norbait bilatzen hasi behar duzu oso denbora gutxian, eta hori ere nekagarria izaten da. 

Egungo gazteei gustatzen zaie txaranga? Zer ikusten duzue zuek?

A.L.: Jende gazteak erraz jotzen du elektrotxarangara. Erakargarriagoa da haientzat eta gure rolloa oso desberdina da. Beste musika eta emanaldi mota bat da. Badago jendea asko gustatzen zaiona eta horiek ibiltzen dira gure atzetik, baina, orokorrean, helduxeagoak dira. 

L.M.: Egia da jende heldua joaten dela gehien txarangen atzetik, baina jotzen ari zarenean konturatzen zara gazte asko ateratzen direla tabernatik kalean txaranga entzuten dutenean. Gainera, kanta klasikoak jotzen ditugunean gehiago motibatzen dira, haurrak zirenean entzuten zituzten kantuak izaten direlako.

Zenbateraino dira garrantzitsuak San Joanak Urumea Txarangarentzat?

A.L.: Urteko ekitaldia da guretzat. 23a oso polita izaten da, aurten are politagoa. Txantxangorri elkartean afaltzeko elkartzen gara, eta lagunarteko giro hori ez galtzeko aukera paregabea da guretzat. Txarangako kideak eta kide izandakoak elkartzen gara bertan, eta oso giro polita daukagu. Aurtengo emanaldia ere berezia izango da, Imanol Iribarren taldekideak 'Urumea 25 urte' izeneko moldaketa sortu du, eta horrekin borobilduko dugu eguna.

Zein mezu helaraziko diezue gaur herritarrei?

A.L.: Gu ez gara inor inori ezer esateko, baina eskerrak eman nahi dizkiegu denei gurekin gogoratzeagatik eta aukera emateagatik. Jaiak ondo pasatzea espero dugu, egun asko dira, jarduera asko daude eta herritar guztiek gozatzea nahi dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!