Zazpi bikote ariko dira dantzan Plazan, Solteko Dantza Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 24a, 00:00

Bikote bat dantzan, joan den urteko Dantza Solteko Txapelketan.

Arratsaldeko 17:30etan hasiko da txapelketa, eta fandangoa eta arin-arina dantzatuko ditu bikote bakoitzak.

Gaur arratsaldean jokatuko da, beste behin, Hernaniko Solteko Dantza Txapelketa. Oraingoan, zazpi bikote ariko dira Plazako taula gainean dantzan, arratsaldeko 17:30etan hasita: Alaia Amubieta eta Amets Amubieta azpeitiarrak; Maren Galvez lezotarra eta Gorka Granado sopelarra; Malen Arrizabalaga eta Enaitz Segurola azpeitiarrak; Laura Bastida eta Ekain Uzkudun azpeitiarrak; Leire Urrestilla eta Iker Urrestilla zestoarrak; Katerin Artola oiartzuarra eta Iker Belintxon lezotarra; eta Jone Arriaran eta German Aranburu azpeitiarrak.

Epaimahaia, berriz, hiru kidek osatuko dute, Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrak izendatuta: Karlos Sarriegi hernaniarrak, Estela Atorrasagasti oriotarrak eta Xabier Mendizabal donostiarrak.

Bikote bakoitzak dantzatuko beharko ditu zortzi pausoko fandangoa eta arin-arina, eta bikoteen aurkezpen saioa ere puntuagarria izango da. Erritmoa markatuko diete Hernaniko Herri Musika Elkarteko txistulariek, eta Eider Garro eta Araitz Elizalde trikitilariek.

Bikote partehartzaile guztiek jasoko dute diru-saria. Irabazleek txapelak, trofeoak eta 300 euroko saria jasoko dute. Bigarren bikoteak, berriz, trofeoak eta 250 euroko diru-saria. Hirugarrenak trofeoak eta 220 euro; eta laugarrenak trofeoak eta 200 euro. Gainerako bikoteek, berriz, 140 euroko saria jasoko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!