San Joan eguneko doinu alaiek, arkupeetan hitzordua eguerdian

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 24a, 00:00

Hernaniko Txistulariak, iazko San Joan eguneko kontzertuan.

12:00etan eskainiko dute kontzertua Hernaniko Txistulariek bertan, eta 13:15etan Musika Bandak.

Egun seinalatua da gaurkoa hernaniarrentzat, San Joan eguna; eta urtero bezala, kontzertu berezi bana prestatu dute gaur eguerdirako Hernaniko Txistulariek eta Hernaniko Musika Bandak. Udaletxeko arkupeetan ariko dira biak: txistulariak aurrena, 12:00etan hasita; eta Banda segidan, 13:15etan.

Isidro Ansorenaren eta Jose Olaizolaren doinuak eskainiko dituzte Hernaniko Txistulariek; horietako asko, Jose Ignazio Ansorenaren egokitzapenekin. Gainera, keinu berezi bat egingo diote joan den abenduan hil zen Alan Griffin musikariari ere, bere piezetako bat jota: The Seventeenth of July.

Guztira, 11 abestiko egitaraua prestatu dute: Aurkez aurkekoa, Esku aldatzeko soinua, Xamurra, Saltokako zortzikoa, Pipirita, Etxeko jaun, The Seventeenth of July, Belarrimotxarena, Sorgin Zulo, Nere herriko jaiak eta San Juan zortzikoa.

Cipri Ochandorenak, 50 urte Musika Bandarekin

Txistularien emanaldia bukatuta, Hernaniko Musika Bandaren txanda izango da arkupeetan. Estilo anitzeko egitaraua osatu du Bandak, bertako partaideen iradokizunei jarraiki.

Sei pieza eskainiko dituzte: Malagueña, Merche, Motu, Batman, Birdland eta Tchaikovskyren 1812 Overture. Gainera, aurreratu dutenez, «bukaera haundia eta ikusgarria» izango du kontzertuak, «kanoikadak eta elizetako kanpai hotsak irudikatuz».

Beste berezitasunik ere izango du gaurko kontzertuak, Hernaniko Musika Bandarentzat. Izan ere, Bandarekin 50 urte bete ditu Cipri Ochandorenak. Urte hauetan guztietan, Bandaren zuzendari ere izan da hamarkada batez, 2004 eta 2014 urteen artean. Egindako lana eta erakutsitako prestutasuna eskertzeko, urrezko ikurra eskainiko diote Bandako partaideek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!