Iñigo Argandoña eta Asier Ezkai txapeldun, xakean

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 23a, 00:00

Helduen finala aurrean, eta hirugarren posturako lehia atzean, Iturriaga kalean.

Urtero bezala, San Joanen aurretik jokatu zen Gerardo Plazaren Oroimenezko Xake Txapelketa. Haurretan, 10 xakelari aritu ziren Biterin, eta Asier Ezkaik irabazi zuen, iaz bezalaxe, finalean Ekai Legorburu menderatuta. Xenki Errazkin izan zen hirugarren, eta Anje Errazkin laugarren.

Asier Ezkaik irabazi zuen Haurren Xake Txapelketa, joan den urtean bezalaxe, finalean Ekai Legorbururi irabazita.

Helduen txapelketan, berriz, 16 lagun aritu ziren Iturriaga kalean, hernaniarrak zortzi eta Donostiatik etorriak beste zortzi; tartean, Eli Ruiz Font (bi aldiz Espainiako txapeldun izana), Iñigo Argandoña (Euskal Herriko txapelduna), eta Euskal Ligan jokatzen duten zenbait xakelari. Zortziko bi multzotan banatuta aritu ziren, eta bakoitzak zazpina partida jokatu ondoren, multzo bakoitzeko bi onenak sailkatu ziren semifinaletara: A multzotik Andoni Breogan hernaniarra eta Iñigo Argandoña; eta B multzotik Eli Ruiz eta Andoni Segovia. Orduan galdu zuen Breoganek goiz osoko partida bakarra, Segoviaren kontra. Beste semifinalean, Argandoñak Ruiz menderatu zuen, eta bera nagusitu zen Segoviaren kontrako finalean ere. Hirugarren posturako lehian, Breoganek irabazi egin zuen Ruizen kontra, txapelketa bikaina borobiltzeko. Hernaniarra izan zen Argandoñak menderatu ez zuen bakarra: berdindu egin zuten beraien partida, ligaxkan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!