Hernaniko hamabi kultur eragile, Chillida Lekuko Udako Solstizioan

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 21a, 00:00

Aire zabalean izango dira ekitaldiak.

Arratsaldeko  18:30etan irekiko dituzte ateak, eta aurreneko ikuskizunari emango zaio hasiera berehala.

Gaur ospatuko du Chillida Lekuk ohiko Udako Solstizioa, Chillida 100 urte izenburupean, eta horretarako, museoa kultura topaleku bihurtuko dute, musika, dantza eta poesia erdigunean jarriz. Chillida Lekuren eta Hernaniko hamabi kultur eragileen lankidetza proiektua izan da, Kukai dantza konpainiaren koordinaziopean.

Gaur arratsaldeko 18:30etan irekiko dituzte Chillida Lekuko ateak eta aurreneko ikuskizunari emango zaio hasiera. 20:00etan izango da emanaldi orokorra, baina aurretik, ikusleek 10-15 minutuko emanaldi txikiez gozatzeko aukera izango dute, museoan zehar sakabanatuta. 

Ondorengo artistek eta bandek hartuko dute parte gaurko Udako Solstizioan: Maite Larburuk, Ttarla dantza taldeak, Nuta espazioak, Biteri kultur etxeko antzerki eta dantza ikasleek, Hernani Institutuak, Hernaniko Bertso eskolak, Ozenki eta Kantuz abesbatzek, Hernaniko Herri Musika Elkarteak, Hernani Musika Eskolak eta udal musika bandak. 

Aire zabalean izango dira ekitaldiak, eta antolatzaileek mantak ekartzeko gonbitea egin diete ikusleei, eserita ikuskizunaz gozatu ahal izateko. Era berean, jende asko espero denez, museora garraio publikoan bertaratzera gomendatu dute antolatzaileek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!