Etxeratze kolektiboak antolatu ditu Itaiak bigarrenez, festetako egun guztietarako

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 23a, 00:00

Bi eremutan izango dira etxeratzeak aurtengo San Joan jaietan; Zubipeko sarreran eta Biterin.

Egunero egingo da etxeratze kolektiboa, bi txandetan banatuta. Horrez gain, 666 360 366 telefonoa jarri du martxan Itaiak, «gertatzen diren erasoen aurrean ere antolatzeko eta erantzuteko».

 

Hernaniko Itaiak aurtengo San Joan jaietarako ere, etxeratze kolektiboak antolatu ditu, bigarrenez, «eraso matxistei aurre egiteko» asmoarekin. Atzo hasi eta 27ra arte, egunero egongo da etxeratze kolektiboa, bi txandetan; horietako bat goizeko 02:00etan, Zubipeko atean; eta bestea, berriz, goizeko 04:00etan, Biterin. Bi eremu ezartzearen arrazoiak elkarbanatu dituzte Hernaniko Itaiako kideek: «Goizeko 02:00etako hitzordua gaztetxoengatik jarri dugu. Ikusi dugu, gaztetxoak goizeko 02:00ak aldera etxeratzen direla, eta asko barraketan egon ohi dira, beraz, gertu egon nahiko genuke, eta horregatik jarri dugu egunero hitzordutako bat, Zubipeko sarreran. Aldiz, goizeko 04:00etarako hitzordura txosnan eta erdigunean dabiltzan herritarrentzat bideratuta dago, eta horrenbestez Biterin elkartuko gara».

Bost eguneko konpromezua hartu du Itaiak: «Erabaki genuen San Joanetako egun guztietan jarriko genuela etxeratze kolektiboa. Aurten gainera txosnen irekiera atzo izan zen eta parranda egon zenez, atzotik hasi ginen etxeratze kolektiboarekin, jaiak amaitu arte, 27ra arte hain zuzen».

Aurten ere, Itaiak hartu du etxeratze kolektiboa antolatzeko ardura, eta beraz, txandetan bertako kideak egongo dira. Hala ere, antolatutako turnoetan parte hartzeko deia luzatu dute herrian: «batetik, deialdia egin nahi diegu etxera bidean laguntza behar dutenei, etorri eta guk lagunduko zaitugu etxera joaten; eta bestetik, ekarpen bat egin nahi duen orok har dezake parte turnoetan».

Etxeratze kolektiboaz gain, San Joan jaiak iraun bitartean, Itaiak 666 363 366 zenbakia izango du aktibo «txotx denboraldian egin genuen bezala». Kideek aipatu dute telefono hau aktibo egongo dela egunero, arratsaldeko 19:00etatik hurrengo eguneko goizeko 07:00etara bitarte. «Beti egongo da norbait telefonoaren beste aldean, edozein eraso ikusi edota jasaten bada, protokoloa aktibatuko dugu. Telefono honetara deitzeaz gain, whatsappa ere bidali daiteke». 

«Iaz harrera ona izan zuen etxeratze kolektiboak»

Itaiak dio etxeratze kolektiboa antolatu behar izateak ez duela «zorioneko ezer». Hala ere, joan den urtera egin dute salto zerbitzuak izandako harrera gogoratuz: «iaz bolondres asko izan genituen, eta harrera ona izan zuen zerbitzuak, adibidez, gurasoengan». 

Eta aurtengo urterako ere boluntarioei eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete: «nahiko genuke oihartzun gehiago sortu. Iruditzen zaigulako, herritar asko etxera beldurrez itzultzen direla, eta bai, arazoa hor dago, baina guk soluzioa jarri dugu etxeratze kolektiboarekin, beraz, guregana gertura daitezela».

Egungo egoerari aurre egiteko kolektiboak behar direla nabarmendu du Itaiak: «Iaz egin genuen aurreneko aldiz etxeratze kolektiboa, eta egoera ez denez aldatu, aurten berriro egingo dugu, izan ere, uste dugu kolektiboki egin behar diogula aurre egoerari, eta horretan gabiltza. Nahi dugu jendeak parte hartzea, badagoelako beldurra, eta nahi dugu herritarrak guregana gerturatzea, etxera joateko bidea lasaiago eginarazteko baikaude». 

Urtero ematen diren emakumeen aurkako eraso matxistak salatzeko tartea ere hartu dute Itaiako kideek: «geroz eta eraso matxista gehiago ematen dira egungo gizartean, bereziki gazteengan. Orokorrean esan genezake ematen dela eraso normalizazioa, eta etxeratze kolektibo hauen asmoa eta helburua izango litzake dagoen egoera horri prebentzio lan bat jartzea, edo behintzat bitartekoak jartzea, egungo errealitateari soluzio bat emate aldera».

Urte osoan zehar, indarkeria matxistari aurre egiteko lanean, Itaia

San Joanetan ez ezik, Itaiak urte guztian zehar egiten du lan indarkeria matxistari aurre egiteko, hala aitortu dute kideek: «honi aurre egiteko proposamenak sortzen eta lantzen jarduten dugu, indarkeria matxistaren aurkako asanbladaren bitartez. Eta azpimarratu nahi dugu egiten dugula jardun bat emakume langileok jasaten dugun zapalkuntza horiei modu ezberdinetan aurre egiteko. Etxeratze kolektiboaren proposamenarekin, nahi dugu jendearen buruetan eragin, izan ere,  normalizatuta dagoen egoera bat da lagunei deitzea etxera joateko, edota gurasoei laguntza eskatzea. Beraz, honen aurrean mahaigaineratu nahi dugu ez dela normala, eta ez dugula zertan hori guztia jasan behar. Egoera ohikoa bihurtu da, baina ezin dugu normalizatu!». 

Amaitzeko gogorarazi dute etxeratze kolektiboa adin guztietarako bideratuta dagoela, eta beraz, parte hartzeko deia luzatu du Itaiak: «uste dugu jende helduak ez duela horrelako ekimenetan parte hartzeko joera, eta denborarekin ikusi dugu neska gazteek, aldiz, baietz. Orduan, nahiko genuke deialdi zabala egin, zerbitzu hau irekia baita edonorentzat».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!