Gaueko festan mu(e)garri, Tilosetako txosna gunea

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 23a, 00:00

Zenbait lagun, txosnetako bat prestatzeko lanetan, aurreko egunetan.

Sei txosna izango dira Tilosetan, aurtengo San Joanetan: Boltaia, 'Denok etxera', Gazte Asanblada, Mugimendu Sozialista eta Bilgune Feminista. Atzo arratsaldean ireki zituzten, parrandak jaien hasierari aurrea hartuta.

Atsegindegin, Plazan, Zinkoenean zein Plaza Berrin, izango da saltsarik San Joanetako gauetan. Baina ilundu ondorengo festarako mugarririk bada, Tilosetako txosna gunea izango da askorentzat, beste behin. Sei txosna jarri dituzte aurten, joan den urtean baino bat gutxiago: Bilgune Feministarena, Boltaiarena, Ernairen Gazte Txosna, Gazte Asanbladarena, Mugimendu Sozialistarena, eta aurtengo nobedadea, 'Denok etxera' txosna, preso ohiek jarri dutena.

Atzo bertan zabaldu zituzten txosnak, aurtengoan parrandak aurrea hartu baitio jaien hasierari. Larunbata izanik, herritar askok ez zuten aukera galduko jaien txupinazora 'pozik' (edo ohetik ezin altxa) iristeko, eta hori horrela, atzo arratsaldeko 19:00etan inauguratu zuten txosna gunea ere.

Txosna bakoitzak izango ditu bere berezitasunak, eta baita kontzertu, ekintza eta emanaldiak ere. Bilgune Feministak bi egunez egingo du tonbola aurten, gaur eta bihar; playbacka prestatu du astearte gauerako; eta Mojito Gaua izango da asteazkenekoa, Batukada Feministaren ondoren.

Boltaiaren txosnan, berriz, egunero izango dira kontzertuak, 23:00etatik aurrera. Magnolia (DJ Donostia) ariko da gaurkoan, eta herriko taldeen gaua izango da biharkoa: Boody Blotherhood, Khymaira eta Biersbreakers. Eira eta Beñaranks taldeekin girotuko dute astearteko gaua, eta Nokonok eta Samuk alaituko dute asteazkenekoa.

Kontzertuak izango dira beste bi txosnatan ere. Ernairen Gazte Txosnan, Ziztada & Rlantz rap eta reggae taldea ariko da gaur, eta Zuriketan eta DJ Pintxatxapote asteazkenean. Gazte Asanbladaren txosnan, berriz, Trintxerak, Labankadak eta DJ Triokak girotuko dute biharko gaua, eta Komerik eta Kaparrak taldeek etzikoa.

Mugimendu Sozialistaren txosnan, bere aldetik, bertso saioa prestatu dute bihar iluntzerako: Aitor Bizkarra, Aroa Arrizubieta eta Andoni Rekondo ariko dira kantuan.

Eta 'Denok Etxera' txosnan, jatekoa izango da be­re­zitasuna: pizzak jarriko dituzte aukeran, iluntzeko 20:00etatik aurrera.

'DENOK ETXERA' TXOSNA

Pizzak aukeran egunero, iluntzeko 20:00etatik aurrera: Xanti, 4 gasna, Nahia eta Barazkia (Lapurdiko Pizzak), 12 euroan

GAZTE ASANBLADAREN TXOSNA

Bihar, Kontzertuak, 23:00etatik aurrera: Trintxera, Labankada eta DJ Trioka

Etzi, Kontzertuak, 23:00etatik aurrera: Komerik eta Kaparrak

GAZTE TXOSNA (ERNAI)

Gaur, Kontzertuak, 23:00etatik aurrera: Ziztada & Rlantz...

Bihar, Manifestazioa Gudarien Plazatik, 19:30etan hasita: 
'Presoak kalera!'

Ekainak 26, Kontzertuak, 00:30etatik aurrera: Zuriketan eta 
DJ Pintxatxapote

MUGIMENDU SOZIALISTAREN TXOSNA

Bihar, Bertso saioa, 20:00ak aldera hasita: Aitor Bizkarra, Aroa Arrizubieta eta Andoni Rekondo

BILGUNE FEMINISTAREN TXOSNA

Gaur, Tonbola eta mokadu jana, 19:00etan

Bihar, Tonbola 19:00etan

Etzi, Playbacka 22:30etan, eta ondoren Kikilixalda DJ

Ekainak 26, Batukada Feminista 19:00etan, eta Mojito Gaua 20:00etatik aurrera

BOLTAIA

Gaur, Magnolia (DJ Donostia)

Bihar, Herriko taldeen gaua: Bloody Brotherhood, Khymaira eta Biersbreakers

Etzi, Eira eta Beñaranks

Ekainak 26, Nokono eta Samu (DJ Ereñozu)

*Gauero 23:00etatik aurrera

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!