Festetako eragileak elkartuta, mota guztietako erasoei aurre egiteko

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 23a, 00:00

Festetan parte hartzen duten eragile guztiek egin dute bat irakurketarekin.

'Bizi ditzagun jaiak askatasunez eta plazerez. Egin planto eraso matxista eta arrazistei!'. Horixe da eragileek aurtengo festetarako hautatu duten leloa. Aurkezpen prentsaurrekoan nabarmendu zuten ez dutela erasorik onartuko. 

Eraso matxistei eta arrazistei aurre egiteko protokoloa aurkeztu zuten ostegunean, Tilosetako Joxepa Zubeldia kioskoan. Aurten ere irakurketarekin bat egin dute festetako eragile guztiek, eta prentsaurrekoan izan diren Mugimendu Feministako, Amherreko, Txoza Batzordeko, Berriak elkarteko eta Udaleko kideak.

Bertan adierazi zuten «indarkeriarik gabeko jaien aldeko urratsa» eman nahi dutela aurtengoan, denontzat «gozagarriak eta seguruak» izan daitezen: «Jaiek eta tradizioek jendarte ordena erreproduzitzen dute, egungo hierarkiak, botere harremanak eta rol banaketak nabarmenduta. Horregatik, jendartean eman nahi ditugun aldaketak gure herriko festetan islatu behar dira, jaietan ere kultura birsortzeko eta aldatzeko gaitasuna dugulako». 

Festa eremuetan «intentsitate ezberdinetako erasoak» areagotzen direla azpimarratu zuten, bat bera ere onartuko ez dutela gehituta: «Ez dugu onartuko jai eremua erasotzaileen eta diskriminatzaileen aterpe bilakatzerik». Horren aurrean, garrantzitsutzat jo zuten eragile guztien arteko elkarlana: «Ezinbestekoa da erasoen prebentzioan eta erantzunean denok konpromisoak hartzea». 

Erasoei aurre egiteko zenbait baliabide eta zerbitzu eskainiko dituzte eragileek, San Joanetako egunetan horiek erabiltzeko. Ondorengo taulan ikusgai daude zerbitzu bakoitzaren baliabideak eta ordutegiak.

 

BIZI DITZAGUN JAIAK ASKATASUNEZ ETA PLAZEREZ

Harreman parekide eta askeetan oinarritutako festen alde, egin PLANTO ERASO MATXISTA ETA ARRAZISTEI! Ez zaitez konplize izan.

Ondorengo zerbitzuak eta baliabideak daude martxan:

'INDARKERIA SEXISTARIK GABEKO GUNEA'

Informazioa, eskuorriak eta pegatinak eskuratzeko aukera izango dute herritarrek.

Gaur eta asteartean jarriko dute gunea, 18:00etatik 22:00etara, Tilosetan.

Indarkeria sexistari buruzko kontzientziazioa landuko dute.

ERASOTUA BAZARA, LAGUNTZA BEHAR IZANEZ GERO EDO ERASO BATEN BERRI EMAN NAHI BADUZU

Emaginek kudeatutako arreta telefonoa. 24 orduz martxan egongo da: 688 68 51 64.

Bilgune Feministako txosna

092 Udaltzaingoa

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!