Bidali zure argazkiak!

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 23a, 00:00

Uxue Zugastiren argazkiak jaso zuen iazko Herritarren Saria.

Aurten ere San Joanetako Argazki Lehiaketa antolatu du Kronikak. 15. edizioa izango da, eta bi sari irabazteko aukera izango dute herritarrek. Argazkiak ekainaren 28ra arte bidali daitezke.

Herritar asko ibiltzen dira San Joanetako momentu ederrenak izoztu nahian. Argazki ikusgarriak ateratzeko aukera ematen dute festetako jarduera askok, eta aurten ere Kronikaren sariak jasotzeko aukera izango dute herriko argazkilariek. Hamabosgarren urtez, San Joanetako Argazki Lehiaketa antolatu du Kronikak, eta bi sari potolo izango dira jokoan.

KRONIKAKIDE SARIA

Lehenengoa Kronikakide diren lehiakideen artean emango da; irabazleak Petritegiko Malum Rex gunean otordu bat irabaziko du bi pertsonentzat; bertan, 'Sardin-jana Plana' probatu ahalko du, ondorengo menuarekin: etxeko kroketak, tomate entsalada, sardinak eta postrea. Ogia, kafea eta edaria (2 sagardo botila) barne.

HERRITARREN SARIA

Bigarren saria, berriz, herritarrek hautatzen duten argazkiaren egileak eramango du; kasu honetan, bailarako sagardotegietako sagardo kaxa bat eta urtebeteko Kronikakide harpidetza jasoko ditu irabazleak.

Irabazlea aukeratzeko Kronikaren webgunean galdetegia jarriko da ekainaren 28an, eta hilaren 30era arte izango da bozkatzeko tartea.

Parte hartzeko baldintzak

Lehiaketako baldintzei dagokienez, partaide bakoitzak gehienez 5 argazki bidali ahal izango ditu. Gaur bertan zabalduko da bidaltzeko epea, eta ostiralera arte, ekainaren 28ra arte, mantenduko da zabalik. Argazkiak formatu digitalean aurkeztu behar dira, eta bi aukera daude parte hartzeko: kronika@kronika.eus helbide elektronikora bidalita, edo Kronikaren bulegora eramanda (Larramendi kalea, 11). Argazkiak aurkeztearekin batera, egilearen izen abizenak eta kontakturako telefonoa zehaztu beharko dira; argazkilaria adin txikikoa den kasuetan, adina ere zehaztu beharko da, gainontzeko datuekin batera.

Irabazleen izenak eta ateratako argazkiak uztailaren 1eko Kronikan argitaratuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!