Ikuskizun eta jarduera ugari San Joan jaietan, txikientzat eta gaztetxoentzat

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 23a, 00:00

Welcome emanaldia bihar, Urbietan. Argazkia: ganso.info

Gaurtik jaiak amaitu arte, herriko haurrentzat eta gazteentzat hamaika jarduera eta emanaldi antolatu dituzte; mota guztietakoak; besteak beste, emanaldiak, zirku ikuskizuna, musika eta jolaserako txokoa. 

Aurtengo San Joan jaietan ere, herriko txikientzako eta gaztetxoentzako ekintza ugari antolatu ditu jai batzordeak. Gaur eguerdiko 12:00etan emango zaie hasiera festei, baina aurrea hartu dute Urumea ikastolako ikasleek, izan ere, goizeko 09:00etan, haur kategoriako 45. marrazki eta pintura lehiaketan jardungo dute, Atsegindegin. Ordu t'erdi beranduago, gazteek maxkuriak hartu eta azeri dantzan osatuz, herritarren bizkarrak berotzera aterako dira, Kaxkoko zirrikituetatik barrena. 

Bihar, goizeko 11:30etan, Santa Barbara eta Etxeberri elkarteko haurrek danborrak hartuko dituzte, eta entsaiatutakoa praktikan jarriko dute herriko kaleak girotuz, eta arratsaldean, Ganso & So konpainiaren eskutik, Welcome ikuskizunaz gozatzeko aukera ere izango dute txikiek, Urbietan. 

Etzi goizean, haurrentzako parkea jarriko dute Atsegindegin eta Latxunbe auzoan, eta Txu-txu trena, aldiz, herrian zehar ibiliko da kaleak zeharkatuz. Hori goizeko 10:00etan izango da, eta bi ordu beranduago, erraldoi eta buruhaundiek hartuko dute lekukoa, ohi moduan, dantzan ibiliko dira maxkuriak eskuetan dituztela, herritarren bizkarrak gorri-gorri jartzeko asmoz. Arratsaldean, Mute izeneko zirku ikuskizunaz gozatzeko aukera ere izango dute gaztetxoek, Orain Bi taldearen eskutik. Urbietan izango da hori, arratsaldeko 17:00etan.

Ekainaren 26an, erraldoi eta buruhaundiez gain, arratsaldeko 17:30etan haurrentzako eta gazteentzako trial erakustaldia eskainiko dute, Latxunbeko kirol pistan. 

San Joan jaien azken egunean, haur kategoriako 45. Marrazki eta pintura lehiaketaren sari banaketa egingo da Biterin, eta eguerdiko 12:30etan, Trotamundos taldearen Finito-Infinito ikuskizunak Urbieta kalea hartuko du. Azken eguna agurtzen joateko, Gaztelekuak urteroko Su festa! antolatu du gaztetxoentzako, Tilosetan. Gauean, berriz, Deabru Beltzak taldeak Su danborrak ikuskizunak emango die amaiera, San Joan jaiei.

 

HAURRENTZAKO ETA GAZTETXOENTZAKO EKINTZAK

GAUR

09:00 Haur kategoriako 45. Marrazki eta pintura lehiaketa Atsegindegin 

09:30 Gazteen azeri dantza

17:00 Akelarre txikia

BIHAR

11:30 Haurren danborrada. Santa Barbara eta Etxeberri elkarteak.

17:00 Welcome ikuskizuna. Ganso & Cia konpainiaren eskutik Urbietan.

ETZI
10:00 Haurrentzako parkea Atsegindegin eta Txu-txu trena Latxunbe auzoan. 

12:00 Erraldoi eta buruhaundiak. 

17:00 Mute zirku ikuskizuna, Orain Bi taldearen eskutik Urbietan. 

EKAINAK 26
12:00 Erraldoi eta buruhaundiak 

17:30 Trial erakustaldia, haurrentzako eta gazteentzako, Latxunbeko kirol pistan. 

EKAINAK 27
11:00 Haur kategoriako 45. Marrazki eta pintura lehiaketaren sari banaketa Biterin. 

12:30 Finito-Infinito ikuskizuna. Trotamundos taldearekin, Urbietan. 

20:30 Su festa!: DJ Kris Cle-ren emanaldia. Gaztelekuaren eskutik, Tilosetan. 

23:00 Su danborrak ikuskizuna Deabru beltzak taldearekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!