Axeri dantza, txibu txibulete Opilla jan da konkete

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 23a, 00:00

Gazteenaz gain, hiru Axeri dantza izango dira aurten ere.

Do, do-do, si, sol, la-si, sol-la, si, sol... Hernaniar askori oilo-ipurdia jartzen dien melodia gaur entzungo da lehenengoz, gazteen Axeri dantzan. 

Hernaniko San Joanen bereizgarri nagusienetako bat da Axeri dantza. Herritar asko hunkitu ohi dira abesti ezagunaren lehenengo notak entzutean, eta dagoeneko amaitu da itxaronaldia. Gaur goizean irtengo da berriro axeria, sokakideak atzetik dituela, pertsona goiztiarren bizkarrak berotzera. 

Herriko gazteak arituko dira gaur kalez kale. Goizeko 09:30etan aterako dira plazatik, eta ohiko ibilbidea osatuko dute txistulariekin batera. Herritarrei abisu garrantzitsu bat helaraztea egokia iruditu zaio Kronikari: gazteak sasoiko daude, beraz, argi ibili. 

Gainontzeko egunetan ere izango da Axeri dantzaz majo gozatzeko aukera. Ohiko modura, San Joan egunean izan ezik, beste hiru goizetan aterako dira bizkar berotzaile profesionalak. 

Giro berezia sortu ohi da Kaxkoan; batetik, eguna aprobetxatzeko gogoz esnatu diren pertsonak daude, ondo gosaldu eta kalera jaitsi diren horiek; bestetik, gaua korapilatu eta egunsentiak harrapatu dituen 'gazteak' daude, 'lo lo lo' ozen esanagatik lo askorik egin ez dutenak. 

Gaueko eta eguneko San Joanak uztartzen ditu Axeri dantzak, eta batura horren isla erdiguneko edozein txokotan ikusten den arren, badu ikur haundi bat: Rioja taberna. Safri Duoren erritmora, gaupaseroek hartzen dute leku gehiena, eta kanpotik begira izaten dituzte eguerdiko poteatzaileak, gazte garaiko oroitzapenak nostalgia punttu batekin gogoratzen: «Gure gazte garaitan...».

Bizitu ez duenak ezingo du erraz imajinatu Axeri dantzak Hernanin duen garrantzia, baina ikusi orduko nabaritu daiteke bizkarra berotzeko baino, bihotzak berotzeko balio duela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!