Eguerdiko suziriak lehertu ondoren festak ez du etenik izango

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 23a, 00:00

Urumea Txarangako kideak arduratuko dira jaiei hasiera emateaz.

Askok festa atzoko egunera aurreratu arren, gaur eguerdian hasiko dira Hernaniko San Joanak. 12:00etan izango da txupinazoa, eta suziria lehertu orduko ez da atsedenerako tarterik izango. Gaurkoan Akelarrea eta San Joan Sua izango dira jarduera nagusiak. 

'Ta San Juan beti zaitut gogoan!'... Amaitu da atzerakontua, gaur eguerdian hasiko dira San Joanak, eta suziria lehertzen den momentutik aurrera festa giroak ez du etenik izango ostegunera arte. 

Txupinazoaren aurretik, motorrak berotzen hasteko, jarduera gutxi batzuk izango dira. 09:00etan, esaterako, haurren marrazki lehiaketa antolatu dute Atsegindegin, eta 10:30etan palankarien froga egingo dute Sagastialden. 

Festak, ordea, Eguerdiko 12:00etan hasiko dira ofizialki. Urumea Txarangako kideak izango dira banderak igotzeko arduradunak, eta Herburu konpartsaren kalejiraz gozatzeko aukera izango da jarraian, herriko musikariek Kaxkoko kaleak girotzen dituzten bitartean.

Goizekoak amaituta, jarduera jendetsuak izango dira arratsaldean. Herriko haur eta gazte ugarik parte hartuko dute akelarrean. Txikienak arratsaldeko 17:00etan aterako dira Paradorretik, eta gazteak 18:30etan abiatuko dira ohiko kalejira egiteko. Gutxigorabehera, arratsaldeko 20:00etan iritsiko dira adarrak eta sorgiñak plazara, eta bertan egingo dute antzerkia. 

San Joan Sua, berriz, iluntzeko 21:30etan piztuko dute, eta herritarrek bertan erre ahal izango dute atzean utzi nahi duten hori. 

Musikaren presentzia haundia, lehenengo egunean

Kontzerturik eta musika saiorik ez da faltako gaurko egunean. Kantuz eta Ozenki abesbatzek kontzertu bateratua eskainiko dute, arratsaldeko 18:00etan, Urbieta kalean. Hernaniko Musika Bandak, aldiz, arratsaldeko 20:00etan jarri du hitzordua Gudarien plazan. 

Gauean ere musika mota ezberdinak hautatzeko aukera izango dute parrandazaleek. 23:00etan hasiko dira egitarauan programatutako bi musika saioak; Itzal erromeria taldeak Tiloseta girotuko du dantzaldi luze batekin, eta The Nord Tech taldeak musika elektroniko gaua antolatu du Atsegindegin. 

Danborrada eta txaranga eguna borobiltzeko

Santa Barbara elkarteko helduen danborrada 23:00etan aterako da Kaxkoko kaleetara. 1965ean antolatu zuten lehenengo aldiz danborrada, eta ordutik ia urtero eutsi diote jarduerari. 

Eguerdiko lanak ondo bete ondoren, Urumea Txarangaren irteerarekin borobilduta geratuko da San Joanetako lehenengo eguna. 01:00etan hasiko da kalejira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!