Gobernu programan agindutako 135 neurrien egoera aztertuta, ondorioztatu daiteke betetzea martxa onean doala, agintaldiaren momentua eta gobernua eratu zenetik urtebete bakarrik igaro dela kontuan hartuta.
Neurrien %10 inguru jadanik beteta daude; %50 inguru gauzatzen ari dira, betetze maila ezberdinarekin. Beraz, aipatu daitekeen lehen ondorioa hau da: martxa onean ari da betetzen agindutakoa, planteatutako hamar neurritatik sei beteta edo betetzeko bidean direlako.
Gobernu Taldeko zinegotzi guztiak izan ziren asteartean udaletxean plan estrategikoak egindako bidea azaltzen. Bakoitzak bere alorra jorratu zuen eta ondorengoak izan ziren, Udal Gobernuak aurkeztutako atalak: Etxebizitza, Hirigintza, Trantsizio ekologikoa, Kultura, Kulturartekotasuna eta lankidetza, Berdintasuna, Zerbitzu sozialak, Gazteak, Tokiko garapena, Memoria historikoa, Gobernantza eredua, Adinekoak, Turismoa, Jarduera fisikoa eta kirola, Euskara, Herrilanak eta Auzoak.
Xabier Lertxundi alkateak hartu zuen lehendabizi hitza zertzelada nagusiak aipatzeko eta ondoren hasi ziren atal bakoitzeko arduradunak egindakoaren eta egitekoaren azalpenak eskaintzen. Programa eta egindakoa luzea da.
Etxebizitza, Hirigintza, Trantsizio ekologikoa, Kultura eta Kulturartekotasuna
Hernani etxebizitza alorreko gune tentsionatu izendatzeko plangintzan lanean hasita dago Udala. Horrez gain, hitzarmena sinatuta dauka Florida auzoan 308 etxebizitza eraikitzeko proiektua bideratzeko. Bestalde, Udalak eskuratzen dituen etxeak alokairuan jartzeko oinarri berriak zehazten ari da Udala, eta irailean programa honetan parte hartzeko izena emateko aukera izango dute herritarrek.
Hirigintza arloan gauzatua du agindu zuen puntuetako bat: terrazen udal ordenantza berria martxan jartzea. Jada dendari eta ostalarien eskaerak tramitatzen ari da. Horrez gain, alde zaharra birgaitzeko plan berrian lanean ari da.
Betetze bidean dira gobernu programak trantsizio ekologikoaren atalean agindutako hainbat neurri. Baso lurrak erosteko agindua ere betetzen ari da Udal Gobernua. Dagoeneko 69 hektarea erosi ditu, kanpoko espezieak kendu eta bertakoak landatzeko asmoz.
Kultur ekipamendu askorekin hornitu nahi du gobernu taldeak Hernani agintaldi honetan. Kultur ekipamendu berriari dagokionez, Hernaniko Udala ideia lehiaketa bat lantzen ari da, eta horren emaitzak bildu ostean, udazkenean, eragileekin egingo du kontrastea, herriak dituen beharrak zein diren erabakitzeko. Agindu bezala, Kulturartekotasun saila Amherrekin elkarlanean ari da antolatzen ‘Hariak’ erresistentzia istorioen zinemaldia.
Berdintasuna, Zerbitzu sozialak, Gazteak, Tokikoko garapena
Beteta dauka berdintasun sailak bere lan nagusietako bat: Hernaniko IV. Berdintasun Plana berritzea eta onartzea. Erronka garrantzitsuak ditu Udal Gobernuak Zerbitzu sozialetan, eta dagoeneko ari da haiek betetzen. Esate baterako, baserri gunera iristeko plana osatzen ari da.
Bestalde, gizarte eragileen diru-laguntzak haunditu ditu udalak, agindu bezala. Horrez gain, inoiz baino langile gehiago daude eta profil berriak gehitu dira zerbitzua hobetzeko.
Adingabekoen ongizatea eragiteko planean, besteak beste, prebentzio goiztiarrean sakontzen ari da, hezkuntza eta osasun eragileekin batera. Ikastetxeekin urtebetez aritu da lanean, eta orain udal sail ezberdinekin hasi da plangintza osatzen.
Gazteen beharren diagnostikoa egin du eta 579 herritar gazteren iritzia jaso du horretarako. Bestalde, gazteentzako doako psikologia zerbitzua ere eskaintzen ari da eta 63 ordutan eman du arreta. Tokiko Garapeneko Saila lanean ari da merkataritza plan berria egiteko.
Memoria historikoa, Gobernantza eredua, Adinekoak, Turismoa
Ondare historikoa mantentzeko bi proiektu ditu martxan udalak, programan agindutako lauetatik. Gobernantza ereduaren atalean hainbat egitasmo martxan dira. Txotx garaiaren eredua aldatzea da horietako bat. Horretarako, hainbat bide ditu irekita. Aldi berean, udal langileen egonkortzea du xede, eta horretan ari da. Legegintzaldi honetan 28 postu egonkortu ditu.
Adinekoentzat, uztailetik aurrera prest izango du bakarrik bizi diren adinekoentzako Udaltzaingoan etxeko giltzen kopiak gordetzeko zerbitzua, larrialdi kasuan erabili ahal izateko.
Turismoan, Udal Gobernuak, etxebizitza turistikoak arautzeko ordenantza eduki nahi du hurrengo urterako.
Jarduera fisikoa, Euskera, Herrilanak, Auzoak
Kiroldegian rokodromoa egiteko proiektua egiteko lizitazioa martxan da, eta bidean dira honakoak: Latsunbeko frontoia estaltzea, Zubipeko eta Landareko kirol instalazioak eraberritzea lizitazio fasean dago.
Euskeraren Kontseilua sortu du eta euskera ikasteko baliabideak zabaltzeko eta egungo beharretara egokitzeko lanean ari da. Herrilanetan erratz makina berriak eskuratzeko enpresa bati esleitu dio kontratua.
Azkenik, auzoetako udal azpiegiturak hobetzea da udal gobernuaren erronketako bat. Horri dagokionez, lanean ari da saneamendu planak gauzatzeko.