Txakur gehiago daude Urumea bailaran, 15 urtetik beherako haurrak baino

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 18a, 08:11

Gutxienez lau familiatik batek dauka txakurrik etxean, bailaran. Denera 4.946 txakur daude erregistratuta, eta 4.352 haur eta nerabe dira 15 urtetik beherakoak.

Tokikomek eta EITBk elkarlanean, maskotengan jarri dugu arreta oraingoan, Saretzen egitasmoaren baitan; bereziki txakurrengan. Eta datu bat oso adierazgarria da Urumea bailaran: txakur gehiago daude erregistratuta bertan, 15 urtetik beherako haur eta nerabeak baino. Denera, 4.946 txakur dira bailaran, eta 4.352 haur eta nerabe.

Gainera, uste da Espainiako estatuan txakurren heren bat ez dagoela erregistratuta, eta ez dago argi errolda hori sistematikoki eguneratzen den ere. Beharbada nabarmenagoa izango da hori katuen kasuan: 437 katu daude maskota gisa erregistratuta Urumea bailaran, baina litekeena da erroldatik kanpo egotea beste asko eta asko.

Herriz herri erreparatuta, Astigarraga da txakur baino haur gehiago dituen bakarra bailaran. 1.490 dira 15 urtetik beherako biztanleak, eta 1.339 txakur daude erregistratuta. Katuak, berriz, 122 dira erroldaren arabera. Biztanleria osoa kontuan hartuta, 100 biztanleko ia 18 txakur daude Astigarragan (17,77); eta familia guztien %28,6ak dauka txakurren bat.

Biztanleria osoarekin alderatuta, proportzioan Hernanik dauka txakur kopuru txikiena bailaran: 100 biztanleko 16,09 txakur dira, eta familien %24,4ak dauka txakurren bat. 15 urtetik beherakoekin alderatuta, ordea, oso nabarmena da aldea maskoten mesedetan: 2.752 haur eta nerabe dauden bitartean, 3.322 dira txakurrak, eta 312 katuak.

Aranon eta Goizuetan dira nabarmenagoak datu horiek. Goizuetan 253 txakur daude, eta soilik 94 haur eta nerabe dira 15 urtetik beherakoak. Gainera, 100 biztanleko 36,46 txakur daude herrian, eta familien %41,5ak dauka txakurren bat. Katurik ez dago erregistratuta Goizuetan.

Aranon, berriz, bikoitza dira txakurrak, gaztetxoen aldean: 32 txakur, eta 16 haur eta nerabe. Biztanleria osoari erreparatuta, berriz, 100 biztanleko 28,83 txakur dira, eta familien %24,4ak dauka batenbat. Maskota gisa erregistratutako katuak hiru dira Aranon.


Hernani, ehizarako txakur gehien dauzkan herrietako bat

Txakurren erabilerari dagokionez, bailaran ezberdintasun haundia dago Gipuzkoako eta Nafarroako herrien artean. Aranon eta Goizuetan, txakurren erdia edo gehiago da ehizarako, eta laurdena edo gehiago artzaintzarako edo zaindari gisa. Zehazki, Goizuetan %51,8a da ehizarako, %28,9a zaindari aritzeko edo artzaintzarako, eta soilik %19,4a konpainiarako. Aranon, berriz, txakurren erdia da ehizarako, laurdena artzaintzan edo zaintzan aritzeko, eta beste laurdena konpainiarako.

Hernanin eta Astigarragan, aldiz, konpainiarako dira txakur gehienak: %64,8a Astigarragan eta %59a Hernanin. Ehizarako, berriz, %28,4a da Astigarragan, eta %33,7a Hernanin. Eta oso gutxi dira artzaintzarako edo zaindari gisa erabiltzen dituztenak.

Baina txakur gehienak konpainiarako izan arren, Hernani da ehizarako txakur gehien dauzkan Gipuzkoako herrietako bat: 1.120 ehiza txakur daude Hernanin, soilik Donostian (1.496) eta Irunen (1.137) baino gutxiago, eta antzeko biztanleria edota haundiagoa duten beste herri askotan baino gehiago.

Lurraldekako datu orokorrei erreparatuz, Nafarroan eta Gipuzkoan ere gehiago dira txakurrak, 15 urtetik beherako biztanleak baino, eta kasu gehienetan konpainia egiteko dira. Gainera, oso antzekoak dira datuak, bi lurraldeetan. Gipuzkoan, 105.211 txakur daude, eta 97.590 dira 15 urtetik beherakoak. 100 biztanleko, 14,62 txakur daude lurraldean. Txakurren %66a dira konpainiarako, eta %25,4a ehizarako. 

Nafarroan, berriz, 104.140 dira txakurrak, eta 98.488 haur eta nerabe daude. 15,68 txakur daude 100 biztanleko. %61ekoa da konpainiarako txakurren kopurua, eta %31,2koa ehizarako direnena. 

Animalietan espezializatutako zerbitzuak, eta maskotak onartzen dituzten hotelak

Maskotentzako zerbitzuei dagokienez, Gipuzkoan 126 dira horietan espezializatutako denda edo zerbitzuak; horietatik bi Hernanin eta beste bi Astigarragan. Nafarroan ez dago daturik. Albaitaritza zerbitzua duten establezimenduak, berriz, 99 dira Gipuzkoan, eta kasu horretan ere, bina Hernanin eta Astigarragan.

Gainera, gero eta gehiago dira maskotak onartzen dituzten hotelak. Hego Euskal Herrian erregistratuta dauden 439 hoteletatik, 137k onartzen dituzte maskotak: Gipuzkoan 39 hotelek, Nafarroan 38k, Bizkaian 43k eta Araban 17k.

 

TXAKURRAK URUMEA BAILARAN, HERRIZ HERRI

ARANO

32 txakur  
100 biztanleko 28,83 txakur
%50 ehizarako

ASTIGARRAGA

1.339 txakur
100 biztanleko 17,77 txakur
%64,8 konpainia
egiteko

GOIZUETA

253 txakur 
100 biztanleko 36,46 txakur
%51,8 ehizarako

HERNANI

3.322 txakur 
100 biztanleko 16,09 txakur
%59 konpainia egiteko

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!