Lau sari berri irabazi ditu Iñigo Legorburuk, Iruñean eta Muskitzen

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 18a, 00:14

Bi sari bikoitz atera ditu idazleak mikrokontakizun eta narrazio laburren bidez.

Hilabete baino gutxiagoan, beste lau literatura sari bereganatu ditu Iñigo Legorburuk bi idatzizko genero ezberdinetan: Mikrokontakizuna eta narrazio laburra. Maiatzaren erdikaldean, Iruñeako Baluarten jaso zuen Nafarroako Erizainen Elkarteak antolatu zuen mikrokontakizun lehiaketako sari bikoitza. Gaiak, osasun mentalaren estigmatizazioaren aurkakoa izan behar zuen eta 160 hitz baino gutxiago eduki.

Legorburuk Adela eta Eufemia lana aurkeztu zuen. Bertan, alzehimerraren lehen sintomak pairatzen ari den adineko emakume bat, Adela eta Eufemia behintzat urrun dituelako pozten da. Kontakizunaren amaieran, Adela eta Eufemia, ELA eta leuzemia gaixotasunak direla konturatuko da irakurlea.

Epaimahaiaren eta publikoaren sariak lortu zituen mikrokontakizun horrek, 300 eta 200 euroko sariak eskuratuz. Bigarren saria Ordiziara joan zen, Sara Aranbururentzat izan zen.

 

Meatzaldean ere bi sari, 
narrazio laburrekin

Somorrostroko bataila ipuin lehiaketan, guda hura gaitzat hartuta idatzi behar zuten idazle guztiek eta Legorbururen Habiak eta hobiak lanak bigarren saria lortu zuen eta sari modura, 250 euro eskuratu. Karlista eta liberalen arteko guda izan zen Somorrostrokoa eta egilearen hitzetan «ezer gutxi dakidan arren horri buruz, Caballuco ezizena zuen karlisten goi-kargu militar bat topatu nuen zein liberalek setiaturiko lurretan sartzen zen bere alaba bisitatzeko. Eta hori guztia, liberalen goi-kargu militarren adiskidea zelako. Beraz, hor baneukan zer idatzi…». Ia hamar orriko narrazioan, Caballuco eta herri xehearen gorabeherak gerra garaian azaltzen ditu Legorburuk.

Azkenik, Bizkaiko Meatzaldeko AEK-k antolaturiko ELEZ 24 lehiaketan Haziminak lanarekin gailentzea eta 350 euroko saria eta Argizaiola lortu zituen. Bertan, nerabe baten gorputzeko minak azaltzen ditu egileak baina min horiek, gihar, hezur eta antzekoetatik harago doaz. Ia lau orrialdetako narrazio laburrean, egilearen hitzetan «emozioa eta sorpresa bukaeraraino mantentzen saiatu naiz, eta esan didatenez, asko gustatu zaie».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!