Iker Beracierto, Eider Garro eta Asier Altuna, Gidabaimena euskeraz sarien irabazle

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 18a, 00:00

Usurbilen eman zituzten ezagutzera irabazleak.

Iaz gidabaimena euskeraz prestatu eta lortu zutenen arteko zozketa egin zen Usurbilen.

 

Iaz gidabaimena euskeraz prestatu eta lortu zutenen arteko zozketa egin zen Usurbilen, pasa den ostiralean, eta Eider Garro, Asier Altuna eta Iker Beracierto dira, Hernaniko autoeskoletan, aurtengo Gidabaimena euskeraz sarien irabazle. Guztira, 400 euroko bederatzi sari zozketatu ziren Usurbilgo Potxoenea Kultur Etxean.

Axier Mingo Hernaiko Euskera zinegotzia, Oxkar Santamaria Usurbilgo Euskerako zinegotzia eta Jon Antxordoki Lasarte-Oriako euskerako zinegotzia izan ziren ekitaldian, Gidabaimera euskaraz egitasmoaren Buruntzaldeako udaletako ordezkari gisa.

Buruntzaldeko sei udalek (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) egitasmo bateratua jarri zuten abian, 2009. urtean, gidabaimenaren atal teorikoaren azterketa euskeraz prestatzea sustatzeko. Orduz geroztik, eskualdeko autoeskolekin lankidetzan gauzatzen den egitasmoa honen bidez, Buruntzaldeko herritarrei, batez ere gazteei, atal teorikoa euskeraz ateratzeko aukera dutela jakinarazten zaie, eta pizgarri moduan, azterketa gainditzen duten Buruntzaldeko pertsonen artean 400 euroko sariak zozketatzen dira. Horietatik hiru Hernaniko autoeskoletakoak, Hernani, Lagunak eta Otamendi.

 

1.310 lagunek atera dute atal teorikoa euskeraz 2010etik, baina 2019z geroztik behera

Urte hauetan guztietan 1.000 lagun baino gehiagok atera dute gidabaimena euskeraz; datu ona da, eremu erdalduna dela kontuan hartuz. Zehazki, 2010etik 1.310 lagunek atera dute atal teorikoa euskeraz. 

Orain arteko bilakaera datuek erakusten dute 2019z geroztik beherantz egin duela euskerazko eskoletan izena emandako ikasle kopuruak. Azken berrikuntzekin, ordea, aukera polita izango dute gazteek, inolako oztoporik gabe, azterketa euskeraz prestatzeko. «Buruntzaldeko udalek, behintzat, gure hondar alea jarriko dugu hala izan dadin. Aurrerapausoak emateko eta euskeraren erabilera sustatzen jarraitzeko jarrera irmoa dugu, eta argi dugu Buruntzaldeko herritarrak gidabaimena ateratzeko orduan ere euskeraren aldeko hautua egitera bideratzeko lanean segituko dugula».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!