Dagoeneko prest du Chillida Lekuk uda honetarako jardueren programazioa

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 17a, 00:00

Iazko udako solstizioko emanaldi batean. Argazkia: Chillida Leku.

Prestatutako jardueren artean, museoko zelaia aire zabaleko zinema haundi bilakatuko dute berriro, eta aktualitateko hiru film proiektatuko dituzte abuztuan.

Ohiturei eutsiz, Chillida Lekuk mota guztietako jarduerak antolatzen ditu udaleko hilabeteetan, eta ostiralean aurkeztu zituzten uda honetako programazioaren nondik norakoak. 

Aurten, hitzordu nagusietako bat udako solstizioa izango da, ostiralean ospatuko dena, hain zuzen. Chillida 100 urte izenburupean, museoaren eta Hernaniko hamabi kultur eragileen arteko lankidetza-proiektu bat izan da, Kukai dantza konpainiaren koordinaziopean, eta argi adierazi du Chillida Lekuk «festa kultural haundi bat» bihurtuko dela eremua.

Solstizioa ez ezik, udako programaziorako beste jarduera ugari antolatu ditu museoak; besteak beste, dantza, aire zabaleko zinema, kontzertuak, ongizate jarduerak eta gaztei eta familiei zuzendutako tailerrak. 

Uda honetan, «joan den urteetako arrakasta ikusita» udako zinema zikloa itzuliko da Chillida Lekura. Guztira hiru gauetan proiektatuko dituzte filmak, aktualitateko gaiak jorratuko dituztenak, hain juxtu. Abuztuaren 1ean, 2an eta 3an izango dira proiekzioak, museoko zelaian. Wim Wenders alemaniar zuzendariaren Perfect days, İlker Çatak turkiar-alemaniar zinemagilearen Sala de profesores eta laster iragarriko den hirugarren film bat izango dira ikusgai, aire libreko pantailan. 

Auto zainketarekin eta ongizatearekin lotutako jardueretan gozatzeko aukera ere izango dute herritarrek, izan ere, uztaileko eta abuztuko larunbatetan yoga-saioak egingo dituzte. Era berea, Breaths & Beats-ek meditazio saio bat ere emango du, ondorengo proposamenarekin: «musika elektronikoko set batez lagundutako esku-hartze meditatibo bat».

Gazteentzako eta familientzako bideratutako tailerrek ez dute hutsik egingo aurtengo udako programazioan. Maushausek beraientzat diseinatutako tailerrak eskainiko baitituzte, «kontzeptuak transmititzeko metodoak bilatzen dituen arte eta arkitektura laborategia, guztiok barruan dugun jolaserako gaitasuna sustatzen duena». Tartean dago Larraitz Torresek emango duen tailerra, hitzetik eta marrazkitik abiatuta espazio sentsorial baten eraikuntza kolektiboa egiteko.

Udarako programazioko beste protagonista nagusi bat musikarako agertokia izango da, izan ere, estilo desberdinetako artisten talentua entzuteko aire zabaleko agertoki bihurtuko dute museoko zelaia. Museoak gainera berretsi egiten du Jazzaldiarekin duen konpromisoa, «Chillida Leku uztailaren 23tik 28ra bitartean egingo den Donostiako Jazzaldiaren 59.Edizioaren egoitza baita». Aurten, Jazzaldiak bat egingo du Eduardo Chillidaren mendeurrenaren ospakizunarekin, museoan egingo diren bost kontzerturen bidez.  Iñaki Salvador, Federica Michisanti eta Rosario Giuliani buru duen MAC Saxophone Quartet taldea uztailaren 21ean, 26an eta 28an arituko dira, eta Noa & The HellDrinkers eta Carole Alston, berriz, uztailaren 25ean eta 27an, Txikijazz-en programazioaren barruan.

Emanaldietarako sarrerak Chillida Lekuren webgunean sartuta erosi daitezke.  

 

CHILLIDA LEKU - UDA 2024

HERNANI

EKAINAK 21

18:30 Udako solstizioa. Kukai dantza taldea. Chillida 100 urte. Sarrera orokorra 20 euro

UZTAILEKO ETA ABUZTUKO 
LARUNBATAK

09:00 Yoga eskulturen artean & brunch

UZTAILAK 25

12:30 Kontzertua: Noa & The HellDrinkers (Txikijazz) 

UZTAILAK 26 

19:30 Donostiako jazzaldia: Federica Machisanti

UZTAILAK 28

19:30 Donostiako jazzaldia: Mac Saxophone Quartet - Rosario Giuliani.

ABUZTUAK 1

20:00 Ateen irekiera. 22:00 filmaren hasiera. Perfect dyas.

ABUZTUAK 2

20:00 Ateen irekiera. 22:00 filmaren hasiera. Sala de profesores

URRIAREN 31RA ARTE 

Ortzi-muga igaroz

ABUZTUAK 7

18:00 Meditazioa/Ongizatea. Sarrerak 40 euro.

ABUZTUAK 16 

20:00 Kontzertua Cuarteto Gerhard.

IRAILAK 7 

Boga boga festibala. Gorka Urbizu

IRAILAK 14

11:00 Familientzako tailerra. Izenak izanak egiten. 

IRAILAK 28

11:00 Ipuin kontaketa + tailerra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!