Ion Azpiazu Goñik idatzi zuen egunkari honetan. Izenburua irakurrita, inork pentsa lezake azken zazpi urteetan EAEko alokairu-prezioaren %25eko gorakadaz, maizterren pobretzeaz edo etxejabeen aberasteaz arituko zela. Bada, inolaz ere.
Saiatu arren, zaila da arazoaren fokua desbideratzea: jabeek etxebizitzak pilatu eta negozioa egin bitartean, langile askok ez dute etxebizitzarako sarbidea. Adibide da duela bi aste Kaxkoan lau adingaberekin alternatibarik gabe etxegabetutako familiaren egoera.
Desjabetuak borrero eta jabeak biktimatzat aurkezteko saiakera antzua.
Babesgabetasun egoeran omen daude etxejabeak. Azpiazuren ustez, ez dira nahikoak Estatuaren egitura guztiak euren negozioak bermatzeko. Familia bat kalean uzteko Kaxkoa hartu zuten ertzainen zortzi fulak ez ziren nahikoa izan, adibidez. Jabeentzat babes gehiago nahiko luke Azpiazuk?
Egileak azaltzen du, ordea, zein den 'babesgabetasun' horrekin amaitzeko bidea: «Nire kasuan, bide legalak ez du arazoa konpontzen».
Errentatzaileek legearen mugez beste jardun dezakete eta ez dago inongo mekanismo errealik horien egiteko legalak betetzeko, adibidez, alokairu kontratuaren erregularizazioa egiteko, gutxieneko osasungarritasun-baldintzak mantentzera behartzeko, haien presio eta mehatxuak baliogabetzeko edo legez kanpoko etxegabetzeak saihesteko. Horiek dira askoren eguneroko ogia..
Aipatzekoa da antolakuntza eta borroka jopuntuan jartzeko saiakera, kasu honetan Kaleratzeak Stopeko kideak seinalatuz. Udalak eginiko adierazpenen ildo beretik, badirudi Azpiazu jaunak ere etxegabetzeak erresistentziarik gabe eta 'diskrezioz' gauzatzea nahiko lukeela. Aldiz, jabeen zigorgabetasunaren eta maizterren egiturazko babesgabetasunaren aurrean, proletalgoaren bizi baldintzak defendatzeko modu bakarra antolakuntza eta autodefentsa dira.