Ziklo politikoaren balorazioa egiteko, herri batzarra etzi EH Bilduk

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 15a, 00:00

Arratsaldeko 19:00etan izango da, Hernaniko EH Bilduren bilgunean. Bestalde, kezkatuta azaldu da taldea, Zubietako erraustegiaren datuekin.

Herri batzarra egingo du Hernaniko EH Bilduk etzi, astelehenez. Arratsaldeko 19:00etan izango da, Andre Kalea 24ko Bilgunean. Bertan egingo dute ziklo politikoaren balorazioa, eta baita Gobernu Programaren lehenengo urteurrenarena ere. Horrez gain, udalgintzako beste hainbat gai izango dituzte hizpide.

Bestalde, azkeneko egunotan bere kezka azaldu du Hernaniko EH Bilduk, Zubietako erraustegiaren kutsaduraren inguruko datuekin: «Kezkaz jaso ditugu ToxicoWatch fundazio herbeheretarrak Zubietako erraustegiaren inguruetan hartutako laginen inguruan emandako datuak. Bost urte daramazki, Errausketaren Aurkako Mugimenduak eskatuta, erraustegiaren inguruko bost kilometroko erradioan kutsaduraren bilakaera aztertzen; besteak beste, arrautzetan, landareetan, uretan eta lurrean pilatzen diren dioxina, furano, PFAS eta metal astunen kantitateen bilakaera neurtzen. Horretarako, Hernaniko zenbait gunetan hartu dituzte laginak», azaldu du EH Bilduk.

Maiatzean aurkeztu zituen azkeneko datuak ToxicoWatchek, eta hainbat datu kezkaz hartu ditu EH Bilduk: «Besteak beste, dioxinaren igoera haundia da Hernaniko zenbait tokitan hartutako laginetan. Etxalde bateko arrautzen kasuan, orain bost aldiz haundiagoa da dioxina kopurua 2019an baino, oraindik erraustegia martxan ez zegoene­an. Badakigu erraustegiak sortu­takoaz gain, beste jarduera kutsagarri batzuek ere eragina izan dezaketela datu horietan, baina uste dugu zantzu haundiak daudela pentsatzeko azken urteotako igoerak erraustegiaren kutsadurarekin zerikusia duela».

Hori horrela, EH Bilduk dio «ja­rraipen zorrotzagoa» behar du­­te­la datuek, «etorkizunean ingurumenean eta pertsonen osa­su­nean kalterik izan ez dadin». Horregatik, dei egin diete erraustegiaren kontrolaren ardura duten erakundeei, «bereziki Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari», Zubietako kutsaduraren inguruko «kontrola monitorizatzeko, eta bermatzeko ez duela kalterik izango herritarrengan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!