XXIX. Preludioa eskainiko dute gaur gauean, Euskal Musikaren Gaua izenburupean

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 15a, 00:00

Jorge Pacheco, preludioko zuzendari musikala, iazko emanaldian.

Hernaniko Musika Eskolako eta herriko abesbatzetako kideek hartuko dute parte kontzertuan, baita zenbait gonbidatu berezik ere. Besteak beste, Ane Perez de Azpeitia Hamilton konposatzaile gaztearen kanta berri bat eskainiko dute gaurkoan.

Urteko emanaldi garrantzitsuenetako bat eskainiko dute gaur gauean Hernaniko artistek: XXIX. Preludioa. Eguraldi iragarpena dela eta, aurtengoan ere Atsegindegira lekualdatu behar izan dute oholtza, baina teilatuak teilatu, ikuskizun berezia prestatu dute gaur gauerako. Gaueko 22:30etan hasiko da emanaldia, eta hamabi piezarekin osatu dute kantutegia.

'Euskal Musikaren Gaua' izenburua jarri diote preludioari, bertan sortu nahi duten giroaren erakusgarri. Euskal errepertorioan ezagunak egin diren obrak interpretatuko dituzte, eta konpositore ezagunen lanak entzun ahal izango ditu entzuleak; hala nola, Sorozabalen, José de Olaizolaren, Behobideren, Uruñuelaren edo Erauskinen sortze lanak.

Antolatzaileek kantutegiko zazpigarren kantuan jarri nahi izan dute azpimarra. Gaur gauean estreinatuko baita jendaurrean Ane Perez de Azpeitia Hamilton konposatzaile gaztearen 'Arrosa Maiatzeko' kantua. Hernaniko Udalak egin zion preludiorako kantu berri bat sortzeko eskaera, eta kontzertuan gozatu ahal izango da gaurko egunerako espreski prestatutako abestiaz.

 

Herriko artistak bat eginda

Artea eta sormena bezain garrantzitsua da preludioan eragileen arteko elkarlana. Azken hilabeteetan elkartuta aritu dira Hernaniko musikariak eta abeslariak, eta horixe islatuko da Atsegindegiko oholtzan.

Herriko zortzi taldek hartuko dute parte preludioaren XVIII. edizioan: Hernaniko Musika Bandak, Hernaniko Herri Musika Elkarteak, Hernani Musika Eskola Publikoko eskusoinu taldeak, Dakapo abesbatzak, Kantuz abesbatzak, Ozenki abesbatzak, Ttarla dantza taldeak eta Hernaniko txalapartariek.

Gonbidatu bereziak ere izango dira; Aldapeko Latin Basque Jazz taldeko kideek doinu herrikoien bertsio berriak eskainiko dituzte, bertako musikarien laguntzarekin. Diska berria ere aurkeztuko dute Atsegindegin.

Preludioaren aurkezleak Asier Odriozola, Arantza Iglesias eta Lierni Mateos (zeinu hizkuntza) izango dira; Jorge Pacheco arduratuko da zuzendaritza musikalaz; eta Miren Gojenola zuzendaritza artistikoaz.

 

PRELUDIOKO KANTUTEGIA

HERNANI, Atsegindegi

GAUR

Euskal musikaren gorezpena
José Urduñuela

Rapsodia Vasca
Vicente Behobide

Bigarren Kalez Kale
Pablo Sorozabal

La taberneta del puerto/
La canción de Marola

Pablo Sorozabal
Bakarlaria: Ainhoa Merzero

Maite
Pablo Sorozabal

Olerkari zarra/
Euskaldunei Zortzikoa

José de Olaizola

Arrosa Maiatzeko
Ane Perez de Azpeitia Hamilton

Agurra
Aldapeko Basque Latin
Imanol Iribarren

Izarren hautsa
Xabier Lete
Aldapeko Basque Latin
Imanol Iribarren

Triste bizi naiz eta
Herrikoia
Aldapeko Basque Latin
Imanol Iribarren

Mendirik Mendi
José Antonio Erauskin

San Juan Zortzikoa
Joxan Goikoetxea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!