Zaleen indarrak batuta eta bere amandrearen eskutik uretaratuko da 'Maialen' trainerua

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 15a, 00:00

Hernaniko traineruaren aurkezpen ekitaldian izan zen Maialen Lujanbio amandrea ere.

Hernaniko Arraun Elkarteak ostegun arratsaldean aurkeztu zituen udaran lanean ariko diren arraunlariak, eta bertan izan zen Maialen Lujanbio ere. Gaur zortzi ekingo diote ETE Ligari, Astilleroko estropadarekin.

Astebete barru, gaur zortzi, ekingo dio traineru denboraldiari Hernaniko Arraun Elkarteak. Astilleron uretaratuko da 'Maialen' trainerua ekainaren 22an, arratsaldeko 16:45etan, Emakumeen Traineru Elkartearen Ligari hasiera emateko.

Oso talde gaztea osatu dute hernaniarrek, baina ez dira bakarrik egongo. Agerian geratu zen hori ostegun arratsaldean, Zinkoenean, traineru berdearen aurkezpenean. Zaleen indarrak batu eta Maialen Lujanbio amandrearen bedeinkazioa jaso zuten arraunlariek, denboraldiari ondo ekiteko.

Bi batel eszenatokiaren albo banatan jarrita, Ainitze Kalonje lehendakariak arraunlari gaztetxoenak deitu zituzten plazaren erdigunera aurrena, neguan osatu duten denboraldi polita nabarmentzeko. Segidan, arraun egokituko taldetxoa, gero eta haundiagoa, agertu zen jendaurrera: Beñat Odriozola, Leire Troitiño eta Eneko Mendizabal, Xabier Zabala entrenatzaileak gidatuta.

Eta orduan bai, 'Maialen'i eman zioten ongietorria: trainerua sorbaldan hartuta agertu ziren arraunlariak plazara, zaleen txalo artean. Denboraldiari begira gogotsu azaldu ziren Naia Peñagarikano patroia eta Maria Granado, arraunlaria izateaz gain prestatzaile fisiko lanetan ere ari dena: «Asko kexatzen dira, baina gogotik egiten dute lan, eta prest gaude lehiarako». Taldeaz harro eta denboraldiak emango duena ikusteko irrikaz agertu zen Maialen Lujanbio ere.

 

ETE LIGAKO EGUTEGIA

Ekainak 22, Astillero

Ekainak 23, Pasai San Juan

Ekainak 29, Donibane Lohizune

Ekainak 30, Zumaia

Uztailak 6, Camargo

Uztailak 7, Portugalete

Uztailak 13, Kaiku

Uztailak 20, Pedreña

Uztailak 28, Lutxana

Abuztuak 3, Hernani (Orion)

Abuztuak 10, Ondarroa

Abuztuak 15, Arkote, Plentzia

Abuztuak 17, Zarautz

Abuztuak 18, Deustu

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!