Ahaztu ezingo duten esperientzia bizi izan zuen Galizian hartubol taldeak

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 15a, 00:00

Galiziara hartubolera jokatzera bidaiatu zuten Goiz Eguzkiko taldekideak, bertako jokalariekin.

Gaur Hernanin, 10:00etan hasita, Gipuzkoan antolatu den lehenengo topaketa izango da.

 

Goiz Eguzki Hartubol taldeko kideak ahaztu ezingo duten esperientzia bizi zuten pasa den astean Galizian. Aho batez partaide guztiek onartu zuten bizitzan une gutxietan izaten diren momentuak bizi izan zituztela.

Ourensen, Pontevedran eta Vigon izandako topaketatik oroitzapen gozoak eta lagun mordo bat ekarri dituzte etxera hernaniarrek eta jasotako harrera eta tratua  ezin hobea izan dela ere aitortu dute.

Kirola medio lehen irteera izanik partaide gehienentzat, denek errepikatzeko ilusioarekin itzuli dira eta entrenamenduetan eta lanean aritzeko gogoarekin.

Hartubol denboraldia amaitzeko gaur kiroldegian, beste topaketa bat antolatu da, 10:00etatik 12:00etara.

Hondarribiako Harresi boleibol klubeko gurasoak eta Hernani K.E. boleibol ataleko gurasoak izango dituzte aurrean Goiz Eguzkikoek,  Gipuzkoan egiten den lehen topaketa izanik.

Hartubolaren oihartzuna zabaltzen ari da eta beste herri batzuetatik ere galdezka ari dira ekintza hau beraien hirietan sustatzeko, epe ertainera Hernanin jaio den mugimendua Euskal Herri osora zabaltzeko helburuarekin. «Lan haundia dago aurretik baina administrazio eta erakunde ezberdinek laguntzen badute ziur gaude aurrera aterako dela hartubola. Azkenik eskerrak eman behar dizkiogu Hernaniko Udalari eta Goiz Eguzki Jubilatu Elkarteari eman diguten babesagatik. Beraien laguntzarekin ametsa errealitatea bihurtzen ari da, adinekoen gozamenerako».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!