Beruetetik Labaienerako ibilbidea egingo dute ekaineko azken egunean

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 15a, 00:00

18 kilometroko ibilbidearekin amaituko dute ekaina Mendiriz Mendiko kideek. Irteeran zehar Kisulabeko Haritz Monumentala ikusteko aukera izango dute, eta basoaren gerizpean osatuko dute bidearen zati haundiena.

Irteera Nafarroako ipar parteko mendietan kokatuta dago, Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeak erdibitzen dituzten mendietan. Ibilbidearen zati gehiena baso barrutik egiten da. Beheko aldean basoa da nagusi eta goiko aldean soroak.

Ibilbidearen zati bat ere, hasierakoa, Basaburua bailarako lurretatik egiten da. Basaburuako bailara Beruete, Arrarats, Igoa, Orokieta, Aizarotz, Erbiti, Gartzaron, Ihaben, Beramendi, Udabe, Itsaso eta Jaunsarats herriek osatzen dute. Toki polita eta lasaia da, herri txikiz, teilatu gorriko etxe zuriz, eta soro eta baso berdez osatutako paisaia ederrez osatuta.

Hariztiek eta pagadiek toki aproposa egiten dute naturaz eta lasaitasunaz gozatzeko, egoteko edo jarduerak egiteko. Aisialdirako aukera ugariak ditu eskualdeak. Horietako bat “Basaburuko Itzulia - Herrien arteko xendak” izeneko ibilbide zirkularra da. Ibilbideak herri txiki baina dotoreak, zelaiak, soroak eta baso ederrak zeharkatzen ditu. Guztira ia 90 km-ko luzera du. Ohikoena 3 etapetan egitea da (25,9 km eta 736 m-ko desnibela / 22,7 km eta 780 m-ko desnibela / 39km eta 1240 m-ko desnibela). Bidea ongi seinalatuta dago eta herri bakoitzean badago ingurua azaltzeko panela. Bai oinez bai bizikletan egiteko modukoa da.

Bide horiek, lehen, ohiko komunikabide ziren bertako biztanleentzat. Gaur ez dira horretarako erabiltzen, baina Basaburuko udalak berreskuratu nahi ditu giza harremanak hobetzeko eta ohitura osasungarriak bultzatzeko, Basaburuak bere garapena horretan oinarritu nahi du, guztion ardura den ama-lurrarekiko garapen osasungarrian.

Interes haundiko beste toki bat Jauntsarasko Kisulabeko Haritz Monumentala da. Herritik oso gertu dago eta bertatik harizti istildu bat zeharkatzen duen ia 2 km-ko ibilbide egokitua hasten da. Kisulabeko haritza, oso haritz zaharra da. Aldizka eta ehunka urtetan lepatua (guztiz kimatua) izan zen. Bere adarrak egurretarako eta ikatza egiteko aprobetxatzen zen; hostoak eta fruituak, berriz, ganaduaren bazkarako.

Haritz horrek 10 metroko perimetroa du, Nafarroako zuhaitz guztietatik gerririk lodiena duena da. Hori bezalako zuhaitz bat ekosistema bat da basoaren barnean. Zuhaitzaren gainean beste bizitza mota batzuk garatzen dira: onddoak, likenak, goroldioak, iratzeak, huntzak, intsektuak, hegaztiak eta animalia txikiak, baita zuhaixkak ere.

Haritza oso zaharra da, ez du egurretarako balio eta zutik hiltzen ari da modu natural batez, beste garai bateko erraldoi baten gisa. Ez dago modurik sendatzeko, tratamenduak aplikatzeko, eta haren bukaera geldia errespetatzea besterik ez da geratzen. Heriotza prozesu horretan zuhaitza eraldatzen doa eta bizia ematen die basoko beste landare eta animalia espezie batzuei. Gaur egun, oraindik zutik irauten du eta goxotasun haundiarekin zaintzen da. Duen interesagatik eta hain bitxia izateagatik babes berezia jasotzen du, “Nafarroako haritz monumental” gisa, eta denon errespetua merezi du. Ibilbidean zeharkatzen den hariztia interes haundiko habitat bezala kontsideratzen da ere eta Europako Natura Sarean sartuta dago “Ultzama eta Basaburuko hariztiak” izenarekin.

 

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

 Ipar-eki aldera eginez Buruete eta Arrarats herrien artean dagoen Karateko lepora igoko gara. Lehen aldapa hori eroso egiten da desnibel txikia duelako eta pista batetik egiten delako. Lepoan ezkerrera egin eta basoan sartuko gara. Altuera galdu gabe, eta beti basoaren gerizpean Otaolako sorora hurbilduko gara. Otaolako soroa baso erdian dagoen zelai haundi bat da. Inguruko mendietako urak jasotzen ditu eta ingurune hezea eta belartsua denez abereak bazkatzeko erabiltzen da.

Otaolan errekaren beste aldera pasa eta ipar-eki aldera eginez Bordaburu eta Begaña gailurren artean dagoen Abarketako lepora igoko gara. Bidearen tarte hori ere baso barrutik egiten da. Bideak hemen eki aldera biratzen du. Altuera galdu gabe, baso barrutik, Irumugarrieta azpian dagoen lepora hurbilduko gara. Bertatik Irumugarrieta gailurrera (1044 m) igoko gara.

Ipar mendebaldera eginez, gandorrari garraituz, Orobikolarrera jaitsiko gara eta hortik , ipar aldera eginez, Azkonzuluetako lepora. Bertan, hego aldera eginez hasieran eta gero eki aldera, Goiko Gaina eta Tantadi artean dagoen lepora joango gara. Tarte hori desnibel txikikoa da ia ez baita metrorik igo edo jaisten, baina lepora iristeko azken metroak aldapa gora dira.

Pista bati jarraituz, altuera galdu gabe, distantzia gutxira dagoen Isasti lepora hurbilduko gara. Bertan eki aldera egin eta baso barrutik Gorostieta mendatera hurbilduko gara. NA-4114 errepidea gurutzatu eta beste aldetik jarraitu eta Otedegi (988 m) gailurrera igoko gaituen bideari jarraitu behar da. Aldapa motza (150 metroko desnibela), baina tentea. Gailurretik Urradi lepora jaitsiko behar da eta, Erroare gailurra bere hego magaletik inguratuz, Elloko lepora hurbilduko gara. Bertatik Labaien herrira jaistea soilik geratzen zaigu. Jaitsiera polita, baina luzea da ia 500 metroko desnibela jaisten baita.

 

BERUETE-LABAIEN DATU INTERESGARRIAK

Noiz: Ekainaren 30ean

Kokapena: Nafarroan

Luzeera: 18 km 

Denbora: 5-6 ordu

Desnibela: 900 metro inguru gorantz eta 1200 beherantz

Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabeko ibilaldia izango da.

Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!