15 sortzaileren postuak  Plaza Berrin, bihar goizean

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 15a, 00:00

Hainbat herritar, iazko Sortzaileen Azokaren postu batean.

Hernaniko Sortzaileen Azoka egingo dute bertan, goizeko 10:00etatik 15:00etara. Mota guztietako artisau lanak izango dira aukeran: pitxiak, poltsak, motxilak, ukenduak, xaboiak, bufandak, txanoak, panpinak, umeentzako arropa eta osagarriak, artilezko lanak... Gainera, forja erakustaldia eskainiko du Iker Gabilondok.

Bueltan da Hernaniko Sortzaileen Azoka, eta Plaza Berri hartuko du bihar goizean, 15 posturekin. Goizeko 10:00etan hasi, eta bost orduz izango da aukera, arratsaldeko 15:00ak arte, sortzaileen artisau lanak bertatik bertara ikusi eta eskuratzeko.

Oso produktu bereziak izango dira aukeran azokan, honako sortzaileen eskutik: Ni Naiz, Hiru Loretxo, Bihurri, Ekinazea-Elur, Koloreztatu, Josune eta Izaskun, Korapilatuta, Puochi Nah, Maitandu Makrame, Laupitxiak, Arrate eta Nekane, Sigue la Estela, Mayra, Ander eta Sualai Forja.

Gainera, azkeneko horretako sortzaileak, Iker Gabilondok, forja erakustaldia eskainiko du azokan bertan.

 

Nork bere berezitasunak, sorkuntza prozesuan

Mota guztietako artisau lanak topatuko dituzte bisitariek, sortzaile bakoitzak bere berezitasunak baitauzka, sorkuntza prozesuari dagokionez. Ni Naizeko familiak, esaterako, aurkeztuko ditu joskintza lanak zein laserrarekin egindakoak. Hiru Loretxoko kideek, berriz, poltsak, motxilak eta zapiak egiten dituzte, euren diseinu propioak eskuz margotuta. 

Kamerungo Wax oihalak oinarri eta inspirazio gisa hartuta egiten du lan Puochi Nah taldeak, eta eskuz, mimo haundiz eta etxeko goxotasunean lantzen dituzte euren produktuak. Arratek eta Nekanek, bere aldetik, puntua eta gantxilloa dituzte gustuko, eta horiekin egiten dituzte bufandak, txanoak, tokillak, panpinak, umeen arropa, txakurrentzako ko­llareak... Haurrentzako produktu pertsonalizatuak egiten di­tuzte, eskuz, Sigue la Estelako ki­deek: motxilak, urtebetetzeko ko­roak, poltsak, baberoak...

Pitxigintza ere oso presente izango da azokan. Bihurrik, esa­terako, belarritakoak eta eraztunak diseinatu eta sortzen ditu batik bat, eskulangintza eta egun­go teknologia konbinatuz: 3D inprimagailu baten bitartez egiten ditu. Pitxien eta osaga­rri­en diseinu eta sorkuntza artisaua egiten du Mayrak ere. Laupitxiakek, bere aldetik, erretxinaz egiten ditu pitxiak, eskuz eta dedikazio haundiz. Maitandu Makramek «hariak ehunduz» lantzen ditu bere pitxiak: makramea, katekorratza, alpaka eta harri naturalak. Eta pitxiak ez ezik, artilezko lanak, ukenduak, xaboiak eta kosmetika naturala lantzen ditu Ekinaizea-Elurrek.

Azkeneko atal horretan, aukera zabalagoa izango da biharko azokan. Josunek eta Izaskunek, adibidez, sendatzeko modu naturalak berreskuratzeko grinez hasi zuten proiektua, lurrak emandako baliabideak erabiliz. Horrela, urteak daramazkite lan­dareekin ukenduak, xabo­iak eta bestelako produktuak egiten.

Eta Koloreztatu sortzaileak ere, xaboigintzan hasi zuen bere ibilbidea, sukaldeko olio birziklatua baliatuz. Aurrerago, olio berriak ezagutu zituen, eta «sustrai, enbor, belar, hosto eta lore artean jolasean» dabil ordutik. Naturopata da egun, eta xaboi be­reziak, kosmetikoak eta sendagaiak sortzen ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!