Hamaika ekintza San Joanak berotzeko, Urumea txarangak suziria bota aurretik

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 14a, 00:00

Jai Batzordeko eta Hernaniko Udaleko ordezkariak, Plazan, San Joanetako egitarauaren aurkezpenean.

Asteazkenean aurkeztu zuten San Joan jaietako egitaraua, eta ekintza ugari izango dira gaur bertatik hasita. Bere 25garren urteurrenean botako du txupinazoa Urumea txarangak, ekainaren 23an.

SAN JOANAK 2024 - EGITARAU OSOA

Bederatzi egun barru hasiko dira San Joan jaiak, eta motorrak bero-bero dituztela iritsiko dira hernaniarrak urteroko zita haundira. Izan ere, ohi bezala, hamaika ekintza prestatu dituzte aurreko egunetarako, gaur bertan hasita.

Asteazken arratsaldean aurkeztu zuten San Joanen egitaraua (osorik ikusgai hemen), Hernaniko Udaleko eta Jai Batzordeko ordezkariek; eta Aitor Huizi Kultura zinegotziak gonbidapena luzatu zien herritar guztiei, jaiak «askatasunez, plazerez eta errespetuz gozatzeko». Urumea txarangak botako du txupinazoa aurten, bere 25garren urteurrenean. «Guretzako oso albiste pozgarria izan da, eta modu berezian biziko ditugu aurtengo festak», azaldu zuen Ander Loyartek, txarangako kideetako batek: «Egungo txarangak 1999an hasi zuen bere ibilbidea, Joxe Ramon Berrondoren eskutik; baina gehienak txikitako lagunak gara, eta proiektua lehenago hasi zen, Urumea ikastolan, kurtsoan zehar egiten ziren ekintzetarako musikariak elkartzen baitzituen Mari Jose Alzuri irakasleak».

Txirri Pilota Elkarteko Arkaitz Osesek ere hartu zuen hitza aurkezpenean, esku pelotari profesionalen jaialdi bat antolatu baitute ekainaren 25erako: Egiguren V-Eskuza/Exposito-Bikuña; eta Altuna III-Rezusta/Peio Etxeberria-Zabaleta. «Sarrerak dagoeneko agortu dira; beraz, zaletasuna eta gogoa badago, eta espero dugu ohitura bilakatzea jaialdi hau».

Eta azkenik, Aitor Aiestaran aritu zen, Herburu Hernaniko Erraldoi eta Buruhaundien Konpartsaren izenean. Izan ere, aurten abesti berri bat estreinatuko dute, kalejira bakoitzaren despedidarako, udaletxera sartu aurretik: 'Segi bihar dantzan', Haritz Ezeizak eta Leire Goñik konpartsarentzat propio sortutakoa.

Preludio Txikia gaur eta Preludioa bihar, Atsegindegin

Beste urte batez, Preludio Txikia eta Preludioa izango dira jaien iragarle nagusiak, gaur eta bihar. Eguraldi iragarpenagatik, Atsegindegin izango dira biak, aurtengoan ere. Biharko Preludioan, inklusiboa izango da publikoaren lehenengo ilara, aniztasun funtzionala dutenek emanaldiaz gozatu ahal izateko.

SAN JOAN JAIEN AURREKO EKINTZAK

GAUR, ostirala

09:30, Ipar Martxa eta Hernani Ezagutuz ate irekiak, Goiz Eguzkitik abiatuta.

16:30, Jokoak: toka, bote eta igel-toka txapelketak, Goiz Eguzkin.

17:00, Gerardo Plazaren Oroimenezko Xake Txapelketa haurrentzat, Atsegindegin/Biterin.

17:00, Hernaniko Bola Txapelketaren lehenengo tiraldia, Ereñotzuko bolatokian.

19:00, XXIII. Preludio Txikia, Atsegindegin.

BIHAR, larunbata

10:00, Hernaniko 3x3 saskibaloi txapelketa, Latsunben.

11:00, Gipuzkoako I. Hartubol Topaketa: Hernani-Hondarribia, kiroldegian.

16:00, Sunset in the Park, elektronika emanaldia Ave Maria parkean. The Nord Tech elkarteak antolatuta.

18:00, Hernani Sutan boxeo belada, kiroldegian. Sorabox elkarteak antolatuta.

22:30, San Joan Jaietako XVIII. Preludioa, Atsegindegin.

ETZI, igandea

09:00, Gimnasia erritmikoko ikasturte amaierako erakustaldia, kiroldegian.

11:00, Gerardo Plazaren Oroimenezko Xake Topaketa, Plaza Berrin.

EKAINAK 21, ostirala

20:00, Chillida 100 urte, udako solstizioa, Chillida Leku museoan. Sarrerak 20 euroan, 'museochillidaleku.com' atarian.

EKAINAK 22, larunbata

07:45, Aurorak, Ereñotzuko Ozenki eta Goizuetako Umore Ona abesbatzekin.

19:00, Txosnen irekiera.

*SAN JOANETAKO EGITARAU OSOA IKUSGAI HEMEN

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!