Ekainaren 1ean, Langile Ikastolak kurtso amaierako ekitaldia ospatu zuten, hainbat jarduerekin. Larunbatean izan zen, eta Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleek eman zioten hasiera festari, dantzarekin. Euriagatik Atsegindegin egin zuten, eta 'Punki' bertan zegoen, «parrandarako prest, beti bezala», gaineratu dute Langile ikastolako festako antolatzaileek.
Atsegindegin ez ezik, herrian zehar ere ibili ziren Langile ikastolako festa ospatzen, izan ere, herriko txokoetatik ibilbidea egiteaz gain, eguerdiko 12:00etan, Laubidietan hamaiketako ederraz gozatu eta jolas ezberdinak probatzeko aukera ere izan zuten bertaratutakoek.
Larunbatean, une batez, festa albo batera utzi, eta 'Jai bai, errebindikazioa ere bai' lelopean, «Palestinako herria eta bereziki hango haurrak jasaten ari diren sufrimendua» salatzeko eta haiekiko elkartasuna adierazteko aldarria egin zuten bertaratutakoek.
Eguerdi partean, 700 lagunetik gora elkartu ziren bazkari goxo baten bueltan, eta giro ederra sortu zela aitortu dute partehartzaileek: «kantuan eta dantzan ederki ospatu genuen gure eguna».
Amaitzeko, Langile ikastolaren egunean «nola edo hala» lagundu dutenei eskerrak eman dizkiete antolatzaileek: «eskerrak eman nahi dizkiegu, festa hau aurrera ateratzen lagundu duzuen guztioi, familiak, haurrak, irakasleak, eta udal langileak. Eta guztien artean Ekintza Batzordeko kide guztiei. Batzuk dena eman duzuela badakigu, eta bihotzez eskertu nahi dizuegu. Elkar-lanak komunitatea sortzen du eta gure hezkuntza komunitateaz harro gaude!».