50.000 euro bideratuko ditu Hernaniko Udalak merkataritza ekintzailetza sustatzera

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 11a, 00:00

Dirulaguntza eskatzeko epea urriaren 31ra arte izango dute, Hernanin abiatu edota abiatuko diren zenbait jardueren ekintzaileek. 

Merkataritza ekintzailetza sustatzeko ematen dituen dirulaguntzak eskatzeko epea martxan jarri du Hernaniko Udalak, eta urriaren 31ra arte egongo da horretarako aukera. Dirulaguntza honen helburua ondorengoa dela aitortu du Udalak: «herrian hutsik dauden merkataritza lokaletan jarduera ekonomiko bat abian jarri nahi duen ekintzaileak zein ixtear dauden negozioen eskualdatzeak sustatzea». 

Hernaniko Udalak, beraz, 50.000 euro bideratuko ditu merkataritzako ekintzailetza sustatzera. Horrenbestez, dirulaguntza eskaera egin dezakete urriaren 31ra arte, Hernanin abiatu edota abiatuko diren jarduera hauen ekintzaileek: txikizkako merkataritza jarduerak; eremu baten biziberritze ekonomiko eta sozialerako lagungarri jotzen den edozein merkataritza-jarduera; pertsonei zuzendutako zerbitzuak eta ostalaritzako jarduerak. Dirulaguntza hauekin «jarduera abian jartzeko gastuak, alokairua edota lokalaren erosketa gisako kontzeptuak laguntzan ditu, bi urtez», azaldu du Udalak. 

Horrez gain, Hernaniko Udalak ekintzaile proiekturen bat martxan jartzeko laguntza emateko, Bideragarritasun Plana egiteko doako zerbitzua eskaintzen du Beterri-Buruntza Mankomunitatearen bidez. Informazioa Plazara gunean eskuratu dezakete interesdunek, Hernaniko Udaleko Merkataritza sailean (Gudarien Plaza 5).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!