Herriz Herrikoan ere garaipena Barrenetxeak, Ezkurrarekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 10a, 11:02

2-1 irabazi zuten Lekunberrin, Urrizaren eta Azpirozen kontra. Beste partiduan, Aldabe eta Martirena nagusitu zitzaizkien Jabalerari eta Larrañagari.

Ostiralean jokatu zuten Erremontari Herriz Herriren laugarren jardunaldia, Lekunberrin; eta bezperan Sagardoaren Txapelketan egin bezalaxe, garaipena lortu zuen Endika Barrenetxea hernaniarrak. Josetxo Ezkurrarekin batera, hiru setetan menderatu zituzten Urriza eta Azpiroz (2-1). Aurreneko jokoa 11-15 galdu zuten, Azpirozek sekulako mailan ekin ziolako partiduari, eta frontoian kokatu ezinda aritu zelako Barrenetxea. Baina une zailari buelta eman zion hernaniarrak, eta jokoan nagusitu zitzaion Azpirozi. Bigarren jokoan zortzi tanto lortu zituen Barrenetxeak, eta 15-8 irabazi zuten, partidua berdintzeko. Desenpatean, berriz, Ezkurra izan zen protagonista, lau tanto eginda. Horrela, 8-5 nagusitu eta garaipena eskuratu zuten.

Jaialdiko beste partiduan, Aldabe eta Martirena izan ziren garaile, bi setetan, Jabaleraren eta Larrañagaren kontra. Maila bikainean aritu zen Aldabe aurrean, eta Martirena oso seguru atzean. 15-8 eta 15-13 nagusitu ziren.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!