Hernaniko Udalak aditzera eman duenez, herriko 14 bide eta eremu asfaltatuko dituzte datozen hilabeteetan, hainbat auzotan. Aurreneko lanak Osiñagan ari dira egiten: martxan dira Pardiola bidearen konponketa lanak, eta datozen egunetan bukatuko dituzte, hiru asteko obra aurreikusita. Obra zibileko lanak egin zituzten aurreneko astean, eta asfaltzen ari dira orain.
Beste eremu hauetan egingo dituzte asfaltatze lanak: Agerre bidean, Antziola auzoan, Arrikarte bidean, Elkano kalean, Illarratsueta bidean, Iparragirre sagardotegi parean, Karobieta auzoan, Landare-Zubiondo eremuan, Lepatxiki-Urteaga bidean, anbulatorioko aparkalekuan, Sarobe bidean eta Usategieta bidean. Gainera, beste 15 koxka edo zulo ere konponduko dituzte. Eremu bakoitzean lanak noiz hasiko diren, aurrerago jakinaraziko du Udalak, baina irailaren bukaerarako denak amaitzea aurreikusi dute. Horietako batzuetan, obra zibila ere egin beharko dute: hoditeria pasa, arekak egin...
Guztira, 536.574,31 euro bideratuko ditu Udaleko Zerbitzu Publikoen Sailak lan horietara.