Ostegunean inauguratu zuten Zubipeko autokontsumo partekaturako instalazioa

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 8a, 00:00

Xabier Lertxundi eta Iñaki Marko aurkezpen ekitaldian.

80 etxetara iritsiko da bertan sortutako energia, eta beste instalazio bat egiteko hitzarmena sinatu zuen Enherkomek.

Ostegun arratsaldean inauguratu zuten Zubipeko harmailen gainean jarritako autokontsumo partekaturako instalazio fotoboltaikoa. Dagoeneko 80 etxetara iristen ari da bertan sortutako energia.

Ekitaldi xume bat prestatu zuten egindako lana ezagutarazteko. Bertan, Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak eta Iñaki Marko Enherkom kooperatibako kontseilu errektoreko lehendakariak hartu zuten hitza.

Lertxundi izan zen hitz egiten lehenengoa, eta emaitza lortu arte egindako lana goraipatu zuen: «Hilabete askotako lana dago honen atzean. Badira urte batzuk eragileekin eta herritarrekin elkarlanean zer nolako Hernani eraiki nahi dugun hausnartzen ari garela, eta prozesu horretan sektore estrategikoa da energiarena».

 Markok nabarmendu zuen aukera berriak ahalbidetuko dituela Zubipeko instalazioak: «Hernaniar gehienok bizi gara etxe blokeetan, eta ez daukagu bertan plakak jartzeko aukerarik. Honelako instalazioekin irekitzen dugu bide bat, hernaniar orok izan dezan aukera, poliki poliki, energia beren etxeetara iristeko».

Horrekin batera, Enherkomen balioak ere aipatu zituen Markok: «Erdigunean daukagu proiektu soziala izatea, parekidetasuna, euskera, komunitatea, herria... Balio horien arabera joango gara erabakiak hartzen».

Aurkezpenaren ondoren, hurrengo instalazioa eraikitzeko hitzarmena sinatu zuen Enherkomek Hernaniko Ibaiondo poligonoko bi enpresekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!