Gimnasia erritmikoko taldeak urteari amaiera eman dio hiru dominekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 8a, 00:00

Durangon bi asteburutan izan ziren Euskadiko Txapelketak.

Durangon jokatu zen Euskadiko Txapelketan emaitza esanguratsuak lortu zituzten Hernaniko gimnastek.

Hernaniko gimnastak amaitu dute aurtengo denboraldia. Azken bi asteburuetan hainbat gimnastak Durangon jokatu zen Euskadiko Txapelketan parte hartu zuen. Bertan hiru domina lortu zituzten eta gainera Senior A taldeak maila altueneko lehiaketan parte hartu zuen. Orokorrean, gimnasta guztiek lan txukuna egin zuten Durangon bi asteburutan, batzuk emaitza hobeak lortu zutelarik parte hartu zuten ariketetan. 

Jubenil B mailan Hernani 1 taldeak urrezko domina kolkoratu zuen taldeka. Senior B mailan June Ruedak zilarrezko domina eskuratu zuen xingolarekin eta bosgarren amaitu zuen sailkapen orokorrean. Senior Master A mailan Ainara Rueda hirugarrena izan zen uztaiarekin eta laugarren sailkapen orokorrean. 

Senior A taldearen lana ere goraipatu behar da. Maila altuenean Elene Rodriguez, Jone Aguilar, Maider Iriondo, Ainhoa Prados, Nerea Echarri eta June Clementek parte hartu zuten lehiaketa honetan, eta bertara iristea urtean zehar egindako lanaren saria izan zen.

 

Joko Eskolarretan izan ziren Eider Salvador, Laia Lazkoz eta Erika Marquez

Bestetik, maiatzaren 25ean Basaurin jokatu ziren Joko Eskolarretan parte hartu zuten Eider Salvadorrek, Laia Lazkozek eta Erika Marquezek. Bertara iristea ere izugarrizko saria zen eta esperientzia polita bizitu zuten.

Klubetik eskerrak eman nahi dizkiete gimnastei eta entrenatzaileei, denboraldi osoan zehar egin duten lanagatik, eta «eskerrak eman nahi dizkiegu ere txapelketa guztietara animatzera hurbildu zareten familiarteko guztie. Zuen babesa ezinbestekoa izan da».

 

Campusa kiroldegian ekainaren 17tik 21era

Bestalde, ekainaren 17tik 21era bitartean campusa antolatu du Hernani Gimnastika klubak. Hiru eguneko campusa izango da (astelehena, asteazkena eta ostirala) eta Hernaniko kiroldegian izango da, 16:30etatik 19:30etara. Jolasak, tailerrak, akrobaziak, muntaiak... egingo dira eta 2018 edo aurretik jaiotako edonori zuzenduta dago. Informazio gehiago nahi izanez gero, 722 820 907 telefono zenbakira idatzi daiteke edo hernanigimnastika@gmail.com emailera idatzi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!