Sagardoaren graziak udan, kupeletik botilara

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 8a, 00:00

Altzueta Sagardotegiak udaran menu zabalagoa eskaintzen du eta «kolore pixka bat gehiagoko sagardoa disfrutatu ahal izango dute botilan, oreka polita eta usain afrutatuarekin. Gorputz haundiko da eta ondo mantenduko da».

Txotx denboraldia behin amaituta sagardoa botilaratu dute sagardotegiek. Gustora amaitu dute txotx garaia eta Altzuetako Ibon Alkortak dioen bezala «oso, oso gustora amaitu dugu. Jende asko ibili da, baita aste egunetan ere. Garrantzitsua izan da jendearen jarrera oso ona izan dela, bai aste egunetan eta bai asteburuan. Bertako eta kanpoko bezero asko izan ditugu». 

Sagardoari dagokionez Altzuetan oreka bat izaten saiatzen dira. «Bezeroak badaki sagardoari buruz eta gehien gustatu diren sagardoak, aurreratuenak zeudenak izan dira. Orokorrean sagardoak egon dira edateko egoki aurreko urteetan baino lehenago. Horren eraginez, denboraldia aurrera joan ahala gustokoena kupeletik kupelera aldatuz joan da».

Bezeroek sagardoak eginagoak edan ditu hasieratik, «horren eragina izaten da, jendeak gustokoago izaten dituela. Beste urteetan matxora arte itxaron behar izaten den bezala, sagardoak bere puntuan egoteko, 2024an urtarrilean eta otsailean zeuden sagardo batzuk egoki edateko».

Txotx garaiari bukaera eman dioten arren, «produktu bera beste modu batera disfrutarazi nahi dizuegu botilako sagardoarekin. Kolore pixka bat gehiagoko sagardoa disfrutatu ahal izango da botilan, oreka polita eta usain afrutatuarekin. Gorputz haundiko sagardoa da, eta esperientziak erakutsi die urte osoan mantenduko dela oso egoera onean». 

Udarako ilunabar epel eta atseginez behar den bezala gozatzeko Altzueta Sagardotegiak aukera berria eman nahi izan zion orain urte batzuk bere bezeroari. Behin sagardotegi garaia igarota etxe ataria egokitu eta uda garaiari ekiten dio. Sagardotegi denboraldiko platerez gain, olagarroa, Hegaluzea eta begihandia parrillan, garaiko tomate eta piperrak eta postre eskaintza berezia prestatzen du etxeak. Euskal Sagardoa botilan bihurtzen da sasoi honetako protagonista eta otorduan zehar etxeko sagardoak dastatu ahal izango ditu gerturatzen denak.

Kupeletik botilara sagardoak pasata Altzuetan bertan gozatu daitezke sagardoaren graziak. «Ekainaren 22tik abuztuaren 10era arte irekiko dugu. Asteazkenetan eta ostegunetan gauez zabalduko ditugu ateak. Ostiraletan eta larunbatetan bazkariak eta afariak eskainiko ditugu».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!