Xalak eta Pascualek tantoak egin bitartean, erritmoa jarriko dute bertsotan Agirrek eta Mendiluzek, bihar

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 8a, 00:00

Unai Agirre eta Aitor Mendiluze izango dira bertsotan, pelota partidua girotzen.

Arratsaldeko 18:00etan jokatuko dute Ives Xalak eta Iñigo Pascualek norgehiagoka, Harriatsuko frontoian, eta alboan izango dira bertsotan, Unai Agirre eta Aitor Mendiluze. 

Afizionatuen I. dantza suelto txapelketa ez ezik, iganderako ere lehenengo aldiz antolatu du Osiñagako jai batzordeak bertso-pelota jarduera. Harriatsuko frontoi «berezian» izango da, bihar arratsaldeko 18:00etan. Lehian arituko dira Ives Xala eta Iñigo Pascual; eta pelotariei erritmoa jartzen izango dira, Unai Agirre eta Aitor Mendiluze. Antolatzaileek azaldu dute, duela bi urte, Aiser Olaizolak jokatu zuela Osiñagako jaietan, eta sekulakoa izan zela: «Harriatsuko frontoia, izatez, oso berezia da. Duela bi urte, Asier Olaizolarekin kontatu genuen festetarako. Partidu bat jokatu zuen, eta berak aipatu zigun oso-oso ondo pasa zuela eta asko disfrutatu zuela. Izan ere, oso frontoi berezia daukagu auzoan, bigak dauzka, eta errebotearekin, pelota biga tartetik joan daiteke… Ezaugarri asko ditu, berezi egiten dutenak». 

Aurtengo urterako, ordea, pelota eta bertsolaritza uztartzeko asmoz, bertso-pelota antolatu dute: «aurtengo urterako, otu zaigu bertso-pelota saio bat egitea. Horretarako Asier Olaizolarekin hitz egin genuen, eta berak esan zigun Xala eta Pascual etorriko zirela, beraz, ikustaldi ederra izango dugu igandean». 

Aurten bi berrikuntza izango dira Osiñagan, izan ere, «urtero berdina egiteak ez du funtzionatzen. Orduan gure asmoa da berrikuntzak jartzea urtero Osiñagako jaietako egitarauan, jendea erakartzeko, eta batik bat herritarrak Osiñagara gerturatzeko».

 

Xarma berezia, Osiñagak

Amaitzeko, Osiñagako jai batzordeko kideek eskerrak eman dizkiete orain arte festetara hurbildu diren guztiei. Eta horrez gain, herritarrei auzoko jaietara bertaratzeko gonbitea ere luzatu diete: «Etorri Osiñagara, sortzen da giro ederra, haurrak, gazteak eta helduak, denak elkarrekin, festa giroan lotsik gabe».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!