«Afizionatuen I. dantza suelto txapelketa antolatu dugu, sortu daitekeena politta izan daitekeelako»

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 8a, 00:00

2019ko artxibok argazkia. Herritarrak, Osiñagako jaietan.

Itzal taldearen kontzertua amaituta, Afizionatuen I. dantza solte txapelketa antolatu du aurrenekoz Osiñagako jai batzordeak, eta herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete: «edonork har dezake parte, beraz, animatu!»

 

Estreinakoz antolatu du Osiñaga auzoko jai batzordeak, Afizionatuen I. dantza suelto txapelketa. Gaur gaueko 00:30etan Itzal taldearekin dantzan jardun ostean, emango zaio hasiera dantza suleto txapelketari emango eta antolatzaileek txapelketari buruzko xehetasunak eman dizkigute.

«Berrikuntza» bat beharrezkoa zela aitortu dute jai batzordeko kideek, eta urte batzuk atzera egin dute, aspaldiko kontuak gogoratuz: «Dagoeneko 30 urte baino gehiago dira Osiñagako jaiak ospatzen ditugunetik. Duela urte mordoa, festetan, Laiotzek kontzertua eskaintzen zuen garaian, atsedenaldian ipurdi polittenaren lehiaketa egiten genuen. Jartzen zen oholtzan maindire beltz bat zulo batekin, eta bertatik pasatzen zen lehiaketan parte hartu nahi zuen oro. Laiotzen atsedenaldia aprobetxatzen zen horretarako, eta auzotarrek ipurdia erakutsita, epaimahaiak saria ematen zion ipurdi polittenari». Honek jarraipenik ez zuela izan aitortu dute antolaketan dabiltzan auzotarrek, baina hala ere, gazteen kemena goraipatu dute: «Osiñagako Auzo elkarteko jai batzordean sartu dira auzoko gazteak, eta erritmoa jarri dute. Ideia atera zen zerbait egin behar genuela, dantzarekin lotura zuena. Orduan erabaki genuen, afizionatuen I.dantza suelto txapelketa antolatzea,  sortu daitekeena politta izan zitekeelako eta parte hartzea irekia da noski, nahi duen orok dantzatu dezake bertan». 

Epaimahaia auzotarrek osatuko dute eta dantza «egokien» egiten dutena sarituko dute, txanpaina botila batekin eta alpargata pare batekin. «Askok makina komeri izango dute dantzan aritzeko, ordu txikitan, kopa pare batekin... ea zer ateratzen den!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!