Gaurtik bihar arte, jai giroan murgilduko dira herritarrak Osiñaga auzoko jaietan

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 8a, 00:00

Iaz bezala, auzoko produktuak erosteko aukera izango dute biharko azokan.

Gaur goizetik hasiko dute eguna Osiñagako auzotarrek, urteroko bizikleta bueltarekin, eta bihar arte izango dira ekintzak; besteak beste, herri kirolak, bertos saioa, auzo afaria, Afizionatuen I. dantza suelto txapelketa, gazteen arteko pelota partiduak, bazkari herrikoia eta bertso-pelota.

Pasa den larunbatean hasi ziren Osiñagako Jaietarako beroketa lanetan zenbait auzotarrak. 50 lagun elkartuta, bertso afari baten bueltan bildu ziren giro ederrean, Eñaut Martikorena eta Xabat Illarregi kantuan arituta. Eta azkenean iragarritakoa heldu da, izan ere, gaurtik hasi eta bihar arte, Osiñagako Jaietan murgilduko dira antolatutako jarduerekin.

Goizetik hasiko dute eguna gaur Osiñagako auzotarrek, bizikleta bira egingo baitute urtero moduan, globodun traktorearen atzetik. Goizeko buelta kunplituta, sabelak betetzeko hamaiketako eder bat eskainiko zaie parte hartzaileei Harriatsun. Eguerdiko 12:00etan, festei hasiera ofiziala emango zaie txupinarekin eta haurrek Osiñagako Auzo Elkarteak prestatutako jolasekin goiza pasatzeko aukera ezin hobea izango dute.

Urteroko ohiturei jarraiki, auzotarren bazkaria izango da eguerdiko 14:00etan. Abesti batzuk kantatu eta dena jasotzean, herri kirolek hartuko dute protagonismoa. Harria jasotzen izango dira, Elene Alkorta eta Andoni Mujika 'Anatx'; aizkoran ariko dira, berriz, Ane Zapirain eta Igoin Pikabea, Oihana Fdz. Barrenaren eta Kimetz Oinederraren aurka. 

Herri kirolariek lanak amaituta, Hernaniko Iraulio Panttalone Paulo Txikiya bertso eskolako bertsolariek girotuko dute arratsaldea, sagardo dastaketarekin hasi aurretik. Hori arratsaldeko 19:30etan izango da, eta 21:30etan, Harriatsun bilduko dira denak Euskal Parrilakoek prestatutako afari ederraz gozatzera. 

Larunbatari segida emateko, afaldu ostean, gorputzak dantzan jarriko dituzte Itzal taldearekin, eta afizionatuen I. dantza suelto txapelketa ere antolatu dute

 

Jaiei jarraipena eta amaiera, bihar

Auzoko baserritarren produktuen azokarekin hasiko dute igandea Osiñagan; mota guztietako produktuak izango dira aukeran, eta salmentez gain, helburua da bertako langileek urtean zehar egiten duten lana balioan jartzea.

Eguerdiko 12:00etan, Harriatsuko frontoian gazteen arteko pelota partiduak izango dira nagusi, eta eguerdia girotzeko asmoz, Unai Agirrek eta Aitor Mendiluzek hartuko dute batuta, bazkal ordura arte bertsotan jardungo baitute. Bazkaltzeko hitzordua 14:00etan izango da, eta larunbateko afariaren antzera, bapo bazkalduko dute Euskal Parrilakoek prestatutakoarekin. 

Arratsaldean, estreinakoz bertso-pelota saioa eskainiko dute lau artistak; alde batetik, Ives Xala eta Iñigo Pascual pelotariek; eta bestetik, Unai Agirre eta Aitor Mendiluze bertsolariek. Saioa amaituta, LAY taldeko trikitilariekin agurtu dituzte Osiñagako festak, ohi moduan, jai giroan.

 

OSIÑAGAKO JAIAK

GAUR, larunbata

10:30, Bizikleta bira auzoan zehar. Ondoren, hamaiketakoa Arriatsun, partehartzaileentzat.

12:00, Txupinazoa eta haur jolasak.

14:00, Bazkaria auzokoentzat.

18:00, Herri kirolak: harrijasotzen, Elene Alkorta eta Andoni Mujika; aizkoran, Ane Zapirain eta Igoin Pikabea, Oihana Fernandez de Barrenaren eta Kimetz Oñederraren kontra; eta auzoko gazteen arteko probak.

Ondoren, Bertso saioa, Hernaniko eskolako bertsolariekin.

19:30, Sagardo dastaketa.

21:30, Auzo afaria Arriatsun, Euskal Parrillakoek prestatuta.

00:30, Dantzaldia, Itzal
taldearekin.

Ondoren, Afizionatuen I. Dantza Suelto Txapelketa.

BIHAR, igandea

11:00, Auzoko baserritarren produktuen azoka.

12:00, Gazteen arteko pelota partiduak.

13:00, Bertsolariak: Unai Agirre eta Aitor Mendiluze.

14:00, Bazkari herrikoia Arria­tsun, Euskal Parrillakoekin.

18:00, Bertso-pelota: Xala-Pascual, Unai Agirre eta Aitor Mendiluze bertsolariekin.

Ondoren, Trikitilariak, LAY taldearekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!