«Faxismoaren aurka antolatzeko beharra» aldarrikatu du Etxebizitza Sindikatuak

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 7a, 00:00

Argazkia: Buruntzaldeko Kontseilu Sozialista.

Andoainen izandako etxegabetze baten harira idatzi du gutunak Etxebizitza Sindikatuak, D&S Desokupa enpresaren etorrera dela eta. 

Asteartean Andoaingo etxebizitza batetik pertsona bat kanporatzera joan ziren D&S Desokupa enpresako bi kide. Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatutik gertaera salatu nahi izan dute, eta egunean bertan elkarretaratzea egin zuten Ama Kandida etorbideko etxebizitzaren parean. Salatu dutenez, «Urumeaberri konstruktorak bidali zituen desokupako faxistak pertsona hori etxegabetzera». 

Sindikatutik azaldu dute asteartean Desokupa «botatzea» lortu zutela, eta premiazkoa dela «faxismoaren espresio ezberdinen aurrean antolatu eta horiei aurre egitea». Etxegabetzea azkenean gauzatu egin zen, baina enpresak beste bizileku bat eman dio kaleratutako pertsonari.

Oharra amaitzeko etxegabetzeak gauzatzen dituzten enpresen eta Andoaingo udaltzainen jarrera salatu ditu Sindikatuak: «Ezinbestekoa da desokupa enpresa hauei aurre egin eta beren zerbitzuak kontratatzen dituzten jabe edo enpresak seinalatzea. Bestalde, herriko udaltzainek izan duten jarrera salatu nahi da, hasieratik faxistak babesten egon baitira». 

Horren aurrean, etxegabetze ororen etetea exijitu dute, «etxebizitza doako, kalitatezko eta unibertsalaren» bidean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!