Auzozaintzan parte hartzen dutenen osasuna hobetu dela frogatu dute EHUko ikerlariek

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 7a, 00:00

Oihane Zabaleta, Xabier Lertxundi, eta Amaia Maquibar prentsaurrekoan.

Atzo aurkeztu zituzten ondorioak Xabier Lertxundi alkateak, Amaia Maquibar ikerlariak eta Oihane Zabaleta Zerbitzu Sozialetako zuzendariak.

Hernani Burujabek martxan jarritako Auzozaintza programan parte hartzen duten adinekoen osasuna hobetu egin da. Horixe ondorioztatu dute EHUko medikuntza eta erizaintza fakultateko ikerlariek. 28 astez aritu dira erabiltzaileekin batera datuak biltzen, eta atzo prentsaurreko baten bidez aurkeztu zituzten eratorritako ondorioak Amaia Maquibar EHUko ikertzaileak, Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak eta Oihane Zabaleta Hernaniko Udaleko Zerbitzu Sozialetako zuzendariak. 

Maquibar bera arduratu zen ikerketako datu esanguratsuenak azaltzeaz. Bakardadeari dagokionez, UCLA eskalako puntuazio osoaren batazbestekoa 32,5etik 29ra jaitsi da erabiltzaileen artean; buru osasunaren kasuan, Goldbergen eskala erabili dute, eta nabarmena izan da antsietatearen eta depresioaren murrizketa. Maquibarrek gehitu zuen parte hartzaileek hautematen duten osasun egoera ere hobetu egin dela, eta horrek bat egiten duela «lehen mailako arretako kontsultetara egindako bisiten apaltzearekin». 

Erabiltzaileekin egindako elkarrizketetan ikusi dute oso positiboki baloratzen dutela Auzozaintza egitasmoa, batez ere «aktiboki» parte hartzen dutelako erabaki guztietan: «Beste jardueretan ez bezala, Auzozaintzan ez dute aldez aurretik planifikatutako eduki zehatzik. Beraz, partaideek beraiek erabaki eta antolatzen dute egitekoa». 

Ikerlariak Auzozaintza goraipatzen amaitu zuen hitzartzea: «Ez da laborategi batean sortutako programa bat, Udalaren eta eragileen artean diseinatu baita. Programak malgutasuna du auzo berrietara zabaltzeko». 

Zaintza publiko komunitarioan sakontzen jarraituko dute

Datuak eskaintzearekin batera, Hernaniko Udalaren helburuak azaldu zituzten Zabaletak eta Lertxundik. Une honetan herriko auzo gehienetara zabaldu da Auzozaintza programa, eta 237 pertsonarekin egiten dute lan. 

Zabaletak azpimarra jarri zuen egitasmoaren izaera publiko-komunitarioan, eta gisa honetako prozesuak «integralak» izan behar direla gehitu zuen: «Oso zaila litzateke bakardadea bezalako arazo konplexuei erantzutea osasun sistematik edo zerbitzu sozialetatik bakarrik». 

Prentsaurrekoa Lertxundik borobildu zuen, zaintzaren alorrean lanketak egiten jarraituko dutela adieraziz: «Lan publiko komunitario honek osasuna sustatzen du, eta hori egiten jarraituko dugu modu iraunkor batean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!