Gaur hasiko da Hernaniko Garagardo Azoka, eta txapelketa inklusiboa jokatuko dute larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 6a, 00:00

Zazpigarrenez jokatuko dute Inklusibo Txapelketa Landaren.

Arratsaldeko 18:00etan zabalduko dute, eta igandera bitarte izango da garagardo bereziez eta jaki tipikoez gozatzeko aukera, Atsegindegin.

Edizio borobila izango du aurtengoa Hernaniko Garagardo Azokak. Herritarren gozamenerako, lau eguneko festa antolatu du Atsegindegin, beste urte batez, Hernaniko Errugbi Elkarteak. Gaur bertan emango diote hasiera, arratsaldeko 18:00etan; eta igandera bitarte izango da aukera garagardo bereziez eta horrelako azoketako jaki tipikoez gozatzeko. Azokari hasiera emateko, gainera, ekitaldi berezi bat ere egingo dute, gaur 19:00etan. Izan ere, errugbi elkarteko 'I+D' taldea omenduko dute: borondatez Landaren lanean aritzen den jubilatu taldea.

Gaur eta bihar, arratsaldeko 18:00etan irekiko dute barra, eta 19:30etatik 23:00etara izango da sukaldaritza zerbitzua martxan. Larunbatean eta igandean, berriz, eguerdiko 12:00etatik aurrera egongo da barra zabalik, eta sukaldea bi txandatan lanean: eguerdiko 13:30etatik 15:30etara, eta arratsaldeko 19:30etatik gaueko 23:00etara.

Aukera zabala izango dute bertaratuek, otorduetarako. Garagardoari dagokionez, aurreratu dute horiak, txigortuak, garizkoak, beltzak eta glutenik gabeak izango dituztela, Heineken babesleak «inportazioko garagardo marka ezagunen aldeko apustua» egiten duelako. Nobedade gisa, 'tinto de verano' ere jarriko du Heinekenek, aukeran. Jatekoari dagokionez, berriz, ez dira faltako azoketako produktu izarrak: ukondoa, saltxitxak, oilasko-izterrak, hirugiharra... Gainera, kroketa postua ere izango da bertan, Kroketxearen eskutik. 

Horrez gain, jarduera bereziak ere izango dira azokan. Bihar, Radio Rebelde Cover taldearen emanaldia izango da 22:00etatik aurrera, gaua abesti ezagunekin animatuz. Larunbatean, berriz, Bide Batez erromeria taldeak girotuko du azoka, 22:30etan hasita. Eta igandean, saski eder baten zozketa egingo dute 20:00etan. Horretan parte hartzeko txartelak salgai izango dira azokak iraun bitartean.

Inklusibo Txapelketa, etzi

Garagardo Azoka ez ezik, VII. Inklusibo Txapelketa antolatu du Hernaniko Errugbi Elkarteak, larunbat honetarako. Zazpi klubek hartuko dute parte: Valladolideko El Salvador, Valentziako Cullera El Clan, A Coruñako CRAT, Santiagoko Les Tuxeliers, Asturiasko Asociación Llanerense de Rugby, eta Gipuzkoako Arrasate eta Hernani. Sei taldetan banatuta ariko dira jokalariak, eta goiz osoan zehar ariko dira Landaren, 11:00etan hasita, ordu erdiko partiduak jokatuz.

Eguerdian, berriz, Garagardo Azokan egingo dute hirugarren denbora; eta arratsaldean, sentsibilizazio saioa egingo dute Tilosetan, 17:30etan hasita, herri kirolen bitartez: txingekin, lokotx biltzen, sokatiran, harrijasotzen, ingudea altxatzen eta palan ariko dira, Etxeberria Ikutza anai-arrebek gidatuta. Ondoren, Atsegindegira bueltatuko dira, Txapelketa Inklusiboaren sari banaketa egiteko: Ainhoa Larrañaga abeslari eta aktorea izango da txapelketaren amabitxia, eta berak jantziko die txapela aurtengo irabazleei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!