Andoni Rekondok, Eli Pagolak eta Andoni Mujikak, Gipuzkoakora pasea

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 4a, 00:00

Andoni Rekondo, Elgetako saioan. Argazkia: Gipuzkoa Bertsotan

Elgetako saioa irabazi zuen Rekondok, eta sailkatze fasea osatuta, udazkenerako txartela lortu dute hiruek.

 

Joan den asteburuan bukatu da Gipuzkoa Bertsotan sailkatze fasea, eta Urumea bailarako hiru bertsolarik lortu dute txartela, udazkenean Gipuzkoako Txapelketan aritzeko: Andoni Rekondok, Eli Pagolak eta Andoni Mujika 'Anatx'ek. 

Larunbatean ziurtatu zuen pasea Rekondok, Elgetako saioa irabazita, aurreneko itzulian Oñatin egin bezala. 332 puntu eskuratu zituen hernaniarrak, eta bi itzulietako puntuak batuta, hirugarren onena izan da bertsolari guztien artean, 678 puntu pilatuta. Maider Arregi oñatiarra (705,5 puntu) eta Ane Zuazubiskar arrasatearra (701,5 puntu) soilik izan ditu aurretik.

Elgetako saioan, zortziko txikian (82 puntu) eta ganbarako lanean (80,5 puntu) lortu zituen puntuaziorik altuenak, eta 13 punturen aldea izan zuen Aitor Salegi bigarrenarekin. Lehenengo itzulian baino dezente gehiago kosta zitzaiola aitortu zuen hernaniarrak, saioaren ondoren; baina eutsi ez ezik, saioa bera irabaztea lortu zuen, berriro ere puntuazio altuarekin.

Eli Pagolak eta Andoni Mujikak, berriz, lehenago amaitu zituzten euren lanak, eta azkeneko saioen zain zeuden, txartela ziurtatzeko. Biek zeukaten pasea ondo bideratuta, baina asteburu honetan izandako emaitzekin lortu dute matematikoki. Horrela, biak izango dira Gipuzkoako Txapelketan, Andoni Rekondorekin batera.

Pagolak 10garren bukatu du A multzoan, 636 punturekin; eta 19garren puntuazio altuena lortu du guztira. Mujika, berriz, 14garren izan da B multzoan, 627,5 punturekin; denera 25garren.

Multzo bakoitzeko 17 onenak sailkatu dira, baina estuasunik ez du izan Mujikak, azkeneko txarteletako bat eskuratu arren: 16,5 puntura izan du 18garrena.

Iker Ormazabal 'Tturko' geratu da txapelketatik kanpo, A multzoko 22garren sailkatuta, 595,5 punturekin. Bigarren itzulian egin dio ihes txartelak, bere saioan 281,5 puntu lortuta.

 

Uxue Fernandez urretxuarra nagusi, Hernaniko saioan

Hernanin jokatu zen sailkatze faseko azkeneko saioetako bat, igande arratsaldean Biterin. Bailarako bertsolaririk ez zen izan bertan, eta Uxue Fernandez urretxuarra nagusitu zen, 327 punturekin, Aitor Zubikarai itziartarraren (322,5 puntu) eta Maddi Aiestaran beasaindarraren (321 puntu) aurretik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!