Udaran ere Hernaniko establezimendu askotako telefonoa erabiltzeko aukera izango dute gazteek

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 3a, 00:00

Altxa Burua Hernaniko kideak, taldearen aurkezpenean.

'Gurea erabil dezakezu' pegatina duten establezimenduetako telefonoa erabiltzeko aukera dute herriko haur eta nerabeek. 

Duela bi hilabete jarri zuen martxan Hernaniko Altxa Burua taldeak 'Gurea erabil dezakezu' ekimena. Esaldi hori jartzen duen pegatina duten establezimenduetako telefonoa erabiltzeko aukera dute haur eta nerabeek, bakoitzak bere mugikorra erabiltzea ekiditeko. 

Altxa Buruako kideek jakinarazi dute udarako hilabeteetan ere komertzio eta taberna horietako telefonoak erabiltzeko aukera izango dela: «Adibidez, errekako plana egiten badute, bidean topatuko dituzte Zikuñagan, Osiñagan, Epelen... taberna eta sagardotegietan pegatinak».

Horrekin batera, adimendun mugikorrek gaztetxoengan sortzen duen eragin negatiboaz ohartarazi nahi izan dute: «Adimendun mugikor propioa izateak, berekiko menpekotasuna izatea eragiten du, eta beraz, haur eta nerabeei geroz eta beranduago eman euren osasun mentalarentzat hobeto».  

Helduei zuzendutako erronka, martxan

Altxa Buruatik helduei zuzendutako erronka bat ere jarri dute martxan udara honetarako. Hamar puntuko eskuorri batean laburbildu dute erronka: jakinarazpenak isildu, deitu, mugikorra garbitu, gailuak berreskuratu, kalean altxa burua, mugikorraren txokoa, gauean itzali, gozatu mugikorrik gabe, praktikan jarri eta deskonektatu. 

Erronkan parte hartzeko deia egin diete mugikorra duten herritar guztiei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!