Hernaniko EH Bilduk bihar egingo du Europako hauteskundeetarako kanpainako ekitaldi nagusia. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da Plaza Berriko mitina, eta Mario Zubiaga EH Bilduko senataria eta Oihana Etxebarrieta legebiltzarkidea izango dira hizlariak.
Hernaniko EH Bildutik nabarmendu dute horixe izango dela ekitaldirik garrantzitsuena, «alderdi subiranistak Euskal Herriko indar bozkatuena izatea helburu duen hautesontziekin egingo duen hitzorduan». Hauteskunde hauetan 'Orain Errepublikak' koalizioan joango da EH Bildu, ERCrekin, BNGrekin eta Ara Mésekin batera.
Ekitaldi nagusiaz gain, bi jarduera gehiago antolatu dituzte datorren asterako. Ostegunean azokan postua jarriko dute, botoa emateko txartelak banatu eta proposamen politikoa ezagutarazteko. Azkenik, hilaren 7an, kanpainari amaiera emango diote festa giroan.